Itxi

kultura

Euskal zinema

Veneziako Zinemaldian estreinatuko da ‘Marco’, Aitor Arregi eta Jon Garañoren lan berria

EITB Media

Filma abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo den jaialdiko 'Orizzonti' sailean lehiatzeko aukeratu dute.

0:30
'Marco' filmea Venezian aukeratua izatearen helburua beteta, pozik daude Jon Garaño eta Aitor Arregi

Marco, Aitor Arregi eta Jon Garaño zinema zuzendarien film berria Veneziako 81. Zinemaldian parte hartzeko aukeratu dute. 'Orizzonti' sailean lehiatuko da, jaialdi honetako bigarren sail garrantzitsua.

Arregi eta Garaño egunotan aritu dira pelikulari azken ukituak ematen. Poz handiz hartu dute berria: "Dagoen jaialdirik mitikoenetako eta eta zaharrenetako bat da", adierazi diote EITBri, eta hautatuak izatea "ohore handia" dela aitortu dute.

Lehen aldia da hau Moriartitarren filmetako bat jaialdi honetan aukeratzen dutena.

Marco Javier Cercasen El impostor liburuaren egokitzapena da eta benetako gertakarietan oinarrituta dago. Eduard Fernandez aktore katalanak Enric Marco Batlle antzezten du, CNT sindikatuko buruzagia izan zena eta mundu guztiari nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela sinetsarazi ziona urteetan zehar. Gezur horri esker, besteak beste, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izan zen.

Nathalie, Chani Martín, Sonia Almarcha, Fermi Reixach, Julia Molins, Vicente Vergara eta Jordi Rico aktoreek osatzen dute filmeko aktore taldea.

Pelikula azaroaren 8an iritsiko da zinema-aretoetara.