Itxi

kultura

Aurkikuntza

Erromatar zirku bat eta hirigintza antolatuko beste elementu batzuk aurkitu dituzte Iruña-Veleian

N. V. | EITB Meda

Aurkikuntzen artean, 280 m luze eta 72 m zabal den eremu bat nabarmendu dute: "Erromatar zirkuaren itxura du, eta zalgurdi lasterketak hartzen zituen"; 5.000 lagun hartzeko bezain handia zen, itxuraz.

0:33
Iruña-Veleian aurkitutako zirku erromatarra

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arkikus enpresaren ordezkariek enpresa horrek Iruña-Veleiako aztarnategian egindako ikerketaren "emaitza zinez interesgarriak" aurkeztu dituzte gaur, Arabako aztarnategian bertan.

Javier eta Iker Ordoño anaiak buru direla 251 hektareako azaleran egindako lanen ondorioz, agerian gelditu da "aztarnategiaren zorupean kronologia erromatarreko eraikin eta/edo azpiegiturak daudela erakusten duten ehunka ebidentzia" daudela, "zientzia arkeologikoak oraindik ez dituenak azaleratu".

Haien artetik, 280 metroko luzera eta 72 metroko zabalera dituen esparru "ikaragarria" nabarmendu dute: "Irudien arabera, erromatar zirku bat dirudi, ikuskizunetarako eraikin bat, non zaldiz tiratutako gurdi lasterketak egiten baitziren, eta, lehenengo kalkuluen arabera, 5.000 ikusle inguru har zitzakeen", azaldu dute.

Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zirku erromatarretatik hirugarrena izango litzateke Arabakoa, agerraldian azaldu dutenez, Tarraco (egungo Tarragona) eta Calagurris (egungo Calahorra, municipium maila izan zuen hiria) garrantzitsuen atzetik, eta, haietatik, jatorrizko trazadurari eusten dion bakarra ei da, "ez baitago egungo hirigintzak ezkutatuta".

Gainera, "hirigintza antolatu baten berezko elementuak" identifikatu dituzte aztarnategian, bai barrualdean, bai, batez ere, Veleiako oppidum edo hiri harresitu berantiar gisa ezagutzen den esparruaren kanpoaldean. Hala, "argi eta garbi definitzen dira kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak, besteak beste".

"Horrek guztiak erakusten du zer nolako garrantzia izan zuen hiri honek iraganean, ez bakarrik Iter XXXIV errepidea, hau da, Astorgatik Bordelera zihoan erromatar galtzada, zeharkatzen zuten bidaiarien derrigorrezko geraleku gisa, baizik eta erromatarren garaian gaur egungo euskal lurraldea eta bere inguruak egituratzen zituen hirigune gisa" adierazi dute ikerketaren arduradunek.

Lana, hainbat urterako

Hainbat jakintza esparrutako adituz osatutako talde batek hartuko du orain bere gain zirkua ikertzeko lana, eta "kontuz handiz eta hainbat urtez" jardungo dira zeregin horretan. Orain, lurrean bertan berretsi beharko dute teledetekzio bidez aurkitutakoa; georadar bidez jarraituko dute, beraz, ikertzen, eta, aurrerago, prospekzioak, zundaketak eta katak egingo dituzte lurrean bertan.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak finantzatuko dituzte ikerketak, eta diru nahikoa egongo dela ziurtatu dute, baina argi utzi dute lanak "tentuz eta astiro" egingo direla.

Lehen zantzuak 2020an aurkitu zituzten arkeologoek, eta, teledetekzioa egiteko, aireko argazki zahar eta berriak, LiDAR kartografia eta droneekin grabatutako irudiak erabili zituzten.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura 2024