Itxi

kultura

Ekainak 20 eta 22

Juan Carlos Perezek eta Kirmen Uribek opera bat idatzi diete "libreak izatean irakatsi zigutenei"

N. V. | EITB Media

"Saturraran" operako eszena zuzendaria Lucía Astigarraga da, eta musika zuzendaria Jon Malaxetxebarria. Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta zortzi bakarlarik interpretatuko dute Arriagan, Bilbon, ekainaren 20an eta 22a.

  • "Saturraran"

    "Saturraran"

Ostegunean entzungo du publikoak lehenengoz Saturraran, Juan Carlos Perez musikariak (Itoiz, Hau berua bakarkako diskoa…) konposatu duen opera garaikidea, Kirmen Uriberen euskarazko libretoa duena. Hain zuzen ere, ekainaren 20an (19:30) eta 22an (20:00) taularatuko dute, Arriaga Bilboko antzokian, antzokiaren beraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekoizpena.

Lucía Astigarragak sinatu du opera honen zuzendaritza eszenikoa, eta agertokian Kirmen Uribek euskaraz idatzitako libretoak iradokitzen duen alderdi onirikoa azpimarratzen dela aurreratu dute. Ikuskizuna euskaraz interpretatuko da, eta gaztelaniazko eta ingelesezko gainidatziak izango ditu. 

Jon Malaxetxebarria arduratu da Saturraranen zuzendaritza musikalaz, eta berak gidatuko du Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS). Zortzi ahots solistak interpretatuko dute opera: Elías Arranz eta Andrea Jiménez nagusiak, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernández. 

Gainera, Bilboko Koral Elkarteko 40 abeslarik baino gehiagok hartuko dute parte ikuskizunean.

Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren kontakizuna da Saturraran, Bilboko antzokitik azaldu dutenez. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu zuten babesa. José, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina den hori onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera… Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.

Elezahar baten arabera, gainera, Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale dira. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten, eta uretan ito ziren maitaleak; itsasoan bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 eta 42 euro arteko prezioan.