kultura
Kaleko arteak
Kalealdiak 86 ikuskizun eskainiko ditu Bilbon, uztailaren 1etik 6ra
N. V. | EITB Media
Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia Casilda Iturrizar parkera, Arriaga plazara, UPV/EHUren Bizkaia Aretoara eta Plaza Biribiletik Areatzaraino doan ibilbidera iritsiko da.
-
Olatz de Andrés konpainiak 'Lokke' ikuskizuna erakutsiko du
Kaleko Antzerki eta Arteen Bilboko Jaialdiaren 25. edizioak 86 ikuskizun eskainiko ditu guztira, uztailaren 1etik 6ra. 32 konpainiak erakutsiko dituzte beren ikuskizunak, tartean 18 euskal konpainiak.
Euskal konpainia hauek izango dira Bilboko jaialdian: Dab Dantza Konpainia, Euskorleans Band, Kukai Dantza, Ganso & Cía, Hortzmuga Teatroa, Kamikaz Kolektiboa, La Glo Zirko eta Dantza, Lekittoko Deabruak & Zozongo Produkzioak, Olatz De Andrés, Loratzen Dantza Taldea, Toño Valdivieso, Cía. Maite Guevara, Orain-Bi Zirko-Teatro, Osa + Mujika, Rojo Telón, Teatro Gorakada, Teatro Panta Rhei Antzerkia eta Estefanía de Paz Asín.
Nazioarteko konpainien artean Compagnie Allégorie, Los Putos Makinas, La Triochka eta Underclouds frantziarrak, Teatro Do Mar portugaldarrak, Hippana-Maleta alemaniar-irlandarrak eta Soon Circus Company suediar-kataluniarrak arituko dira.
Casilda Iturrizar parkean, Arriaga plazan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan eta Plaza Biribiletik Areatzaraino doan ibilbidean izango dira ikuskizunak.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira "Duelo" Kikolas konpainiarena izan ezik; 3 euro balioko dute txartelek, eta irabaziak "Aita Mari" salbamendu ontziaren arduradunentzat izango dira.