kultura
Antzerkiaren Eguna
Jon Fosse idazleak idatzi du Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua: "Artea bakea da"
N. V. | EITB Media
Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak, Unescoren mendeko erakundeak, Fosse Literaturaren 2023ko Nobel sariaren irabazleari eskatu dio Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua idaztea.
-
Jon Fosse Literaturaren 2023ko Nobel sariaren irabazle eta Antzerkiaren Eguneko testuaren egilea
Asteazkenean, martxoak 27, ospatzen ari da aurten Antzerkiaren Nazioarteko Eguna, urtero bezala antzerkiaren balioa gizarteratzeko eta adierazpide hori kulturaren funtsezko elementutzat aitor dadila eskatzeko; Jon Fosse Literaturako Nobel sariaren azken irabazle eta aurtengo mezuaren egileak egun honen kariaz idatzitako testuan esan duenez, "bakea" da artea eta, hortaz, antzerkia.
Dramaturgiaz haratago, arteaz hausnartu nahi izan du Fossek, oro har, "arte adierazpen on oro ardatz beraren inguruan aritzen baita biraka, funtsean". ITI Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak, Unescoren mendeko erakundeak, norvegiar eleberrigile, saiakeragile, poeta eta antzerkigilearen bizkar utzi du aurten urtero Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta kaleratzen duen mezua idazteko ardura.
Kontua da, Fosseren hitzetan, "erabat bakarra, berariazkoa, den hori hartu eta unibertsal egitea". Eta hori egiteko bidea da "partikularra eta unibertsala batzea, maila artistikoan adieraztea; ez berezitasuna ezabatzen, ezpada berezitasunak azpimarratzen, eta ahalbidetzen, horrela, nabarmen egitea dir-dir arrotza eta ezezaguna denak".
"Gerra eta artea elkarren kontrakoak dira, gerra eta bakea elkarren kontrakoak diren bezala – hori da dena. Artea bakea da", laburbildu du Fossek lehenengoz 1961ean ospatu zen eguna bultzatzeko mezuan.
Idazleak dioenez, "arteak, arte onak, modu izugarrian biltzen ditu, bere modura, erabat berariazkoa dena eta unibertsala dena. Arrotzaren eta unibertsalaren arteko ezberdintasuna ulertzea ahalbidetzen digu".
Halaber, Fosseren arabera, "arte on orok berea du hori: zerbait estrainioa, guztiz ulertu ezin dugun eta, hala ere, nolabait ulertzen dugun zerbait. Misterioa gordetzen du, liluratzen gaituen eta, hortaz, gure mugetatik haratago bultzatzen gaituen zerbait, eta gisa horretan sortzen du arte orok izan behar duen eta helburu gisa aurkezten digun transzendentzia".
"Munduan sarritan ikusten ditugun gatazka biolentoek erakusten dutenaren kontrako ikuspegia da, hain zuzen ere; estrainioa den oro, bakarra eta ezberdina den oro, deuseztatzeko tentazio suntsitzailea elikatzen dute horiek", aldarrikatu du Fossek.
"Berdingabearen, gutariko bakoitzaren mailarik sakonenean datzanaren, aurkako borroka da Gerra. Eta arte guztiaren aurkako borroka da, arte guztien izaera intimoenaren aurkakoa", adierazi du norvegiar idazleak.
"Antzerkiaren balioa"
Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua nazioarte mailako sortzaile batek idatzi ohi du, lan hori 1962an Jean Cocteauk lehenengoz hartu zuenetik. Harrezkero, idatzi dute Arthur Millerrek, Laurence Olivierrek, Pablo Nerudak, Richard Burtonek, Antonio Galak, Dario Fok, Isabelle Huppertek eta Helen Mirrenek idatzi dute, besteak beste.
"Ospakizunaren helburua gizarteari antzerkiaren balioa helaraztea da", ITIk webgunean azaldu duenez.