kultura
Antzerkia
"Mr Bo"k bere bidea hasi du Marie de Jongh konpainiaren eskutik
N. V. | EITB Media
Euskal konpainiak haur eta nagusientzako lan berria estreinatuko du gaur, abenduak 29, Leioan. Ohi dutenez, testurik gabeko antzezlana da, eta maskarak eta keinuak dira oraingoan boterearen miserien ingurukoak komunikatzeko bidea.
-
"Mr Bo"
Marie de Jongh antzerki konpainiak "Mr Bo", umeei eta familiei zuzendutako ikuskizun berria, estreinatuko du gaur, abenduak 29, Leioako Kultur gunean.
Azken hamarkadan egin duen bezala, maskarak erabiliz, keinuaren bidez, eta testurik gabe kontatu du istorioa konpainiak, 3-4 urtetik gorako publikoarentzat.
Boterea du hizpide "Mr Bo" lanak, "umorea, barreak, dibertsioa eta maskara oso bereziak" erabiliz: zer da boterea? nork erabiltzen du? nola erabiltzen da? zerk egiten gaitu tirano?
Bo jaunak esaten dituen guztiak betetzera ohituta daude hiru zerbitzari. Bizi osoa daramate nagusiaren, Bo jaunaren, agindupean. Nagusia ume zela, zerbitzariek izan zuten "Ez!" esateko aukera, baina ez zuten egin, eta nagusia nagusikerian aritu da urte luzetan. Halako batean, "Ez!" esateko beste aukera bat sortu da.
Konpainiaren proiektuetan parte hartu ohi duten aktoreek osatzen dute taldea, Ana Meabe, Ana Martínez, Javier Renovales eta Anduriña Zurutuza aktoreek, Jokin Oregi Marie de Jonghen zuzendari artistikoaren zuzendaritzapean. Oraingoan, Javier Tirado izan du lagun Jokinek, zuzendari laguntzaile gisa, eta, aldi berean, plastikozko iruditeria, atrezzoa eta maskarak diseinatu eta egin ditu.