Itxi

kultura

Altxerriren itxiera

Donostia isil eta hitsagoa

Natxo Velez | EITB Media

Altxerri arte galeria eta kontzertu areto eta taberna abenduaren 31n itxiko dute, Donostia erdialdeko kultur eskaintza 40 urtez elikatu eta dinamizatu eta gero.

0:31

Musikarik eta artelanik gabeko hiria toki eskasagoa da halabeharrez. Nostalgiari atea irmoki itxita ere, esan dezakegu asko galtzen dela hiri batek agurtzen duenean lau hamarkadaz, besteak beste, Eduardo Chillida, Esther Ferrer, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Idoia Monton, Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga eta Jose Antonio Sistiaga artisten lanak erakutsi dituen tokia eta, aldi berean, hiriko, Euskal Herriko eta nazioarteko musikari ezagun eta ezezagunei abegi ona eskaini dien aretoa.

Altxerriren ateak itxiko dituzte 2023a joatearekin bat, abenduaren 31 izango du azken eguna galeria eta aretoak, eta zurtz edo zurtzago geldituko dira horrenbestez sortzaileak, artista eta musikariak, eguneroko kultur pultsuari eusteko lan nekezean azkenaldian hainbat galera sufritu dituen hirian: Lagun liburu denda itxi berri dute eta Doka kontzertu aretoak jarduna gelditu behar izan du behin-behinean, sabaiko  egituran "kalte larriak" aurkitu dituztelako, berbarako.

Orain, Altxerrik 40 urteko zikloa itxiko du, "artea eta zuzeneko musika ulertzeko eta bertan egoteko modu bat", proiektuaren arduradunen hitzetan. Lokal "enblematiko eta pribilegiatua" izan dute Donostiako Boulevardean, eta "artistei, bezero eta lagunei zein langileei" eskerrak ematea besterik ez zaie gelditzen dagoeneko, Artemio Zarcok eta Pepita Zozayak, Victor Suinagak eta Piedi iriondok, eta Ramon Iriondok eta Raquel Martinez Ubagok 1983. urtean abiatu zuten proiektua amaituta.

Agurra

Altxerriren azken astean, noski, musika eta arte plastikoak izango dira protagonistak, espazioaren ibilbide osoan bezala. Galerian, "Continuo-Discontinuo" Rakel Ubagoren erakusketa izango da ikusgai; kontzertu aretoan, Mikel Erentxunek (abenduak 26), Travellin' Brothersek (abenduak 28), Giorgio Bassmattik (abenduak 29) eta Los Misterios gasteiztar taldeak (abenduak 30) agurtuko dute Altxerri oholtza gainetik.

Travellin' Brothers blues, soul eta americanako leioaztar talde bizizale arrakastatsuak Club 44 musikazaleen taldearen eskutik joko du Altxerrin, ostegunean. Hain zuzen ere, Club 44 Juan Soroetak 2013an sortutako talde hori ere umezurtz geldituko da orain, Altxerri itxitakoan, ehun kontzertu baino gehiago antolatu baititu denbora horretan guztian donostiar aretoan.

Kideek hilean ordaindutako kuotaren bidez kontzertuak antolatzen dituen talde honek "etxea" utziko du, Soroetak Ainhoa Agirre Radio Euskadiko kazetariari azaldu dionez, eta etxe berri baten bila ari dira jada: "Ez da erraza izango, baina seguru nago jarraituko dugula".

Lehenago, baina, Travellin' Brothers bizkaitarrek geldialdia egingo dute Altxerrin, taldeak beti bezain anbiziotsu 20. urteurrena ospatuko duen urte bat (musika berria, gonbidatu bereziak eta kontzertu bira agindu dituzte 2024rako) hasteko atarian, eta beraiekin izango da agertoki gainean, noski, Mikel Azpiroz taldekidea, pianista eta teklatu-jotzaile donostiarra, Altxerriren aspaldiko laguna.

"Galera oso garrantzitsua"

"Galera oso garrantzitsua da Altxerri ixtea", esan digu Azpirozek: "Altxerrin hasi nintzen, nerabe nintzelarik, amesten eta kontzertuak ikusten, eta gau asko pasatu ditut gero bertan, hainbat proiekturekin jotzen. Latza da leku eder eta historiko hau, zuzeneko musikarako Donostiako klubik garrantzitsuena, galtzea. Tristura ematen dit".

Osteguneko kontzerturako ez dute gauza berezi apartekorik prestatu. "Oso kontzertu ludikoa" izango da, Travellin'ek ohi duenez –aurreratu digu Azpirozek–, "bibrazio positibokoa", "eta hankaz gora jarriko dugu aretoa, aurrekoetan bezala". Laugarren aldia dute Altxerrin, azkenaldian Dabadabako kideek kudeatu duten aretoan.

Travellin' Brothers, Altxerrin (Azpiroz, ezkerrean). Argazkia: Club 44.

Travellin' Brothers, Altxerrin (Azpiroz, ezkerrean). Argazkia: Club 44.

Nolanahi den, gau berezia izango da, dudarik gabe: "Niretzat seguru, Altxerrirekin dudan loturagatik".

"Donostia, umezurtz"

Eta urtarrilaren 1etik aurrera, zer? "Donostia umezurtz geldituko da", adierazi digu Azpirozek. "Etxekalte itxi zuten, Be Bop eraldatu da eta garai bateko zirkuitu hori desagertu egin da. Lehen, hirurak segidan egiten genituen asteburu batean, eta orain ez da horretatik ezer geratzen".

"Ez da erraza izango parekorik agertzea. Ez dut uste gaurko Donostian halako sentsibilitaterik dagoenik, baina ez dezagun esperantza galdu", bukatu du.

Zail jartzen digute hala pentsatzea, baiki, baina egongo ahal gara, Azpirozek eta Travellin' Brothers bere taldeak kantatzen duten bezala, egun hobe baterako bidean, hala eta guztiz ere?