Itxi

Zinemaldia

60. edizioa

Richard Gere eta Susan Sarandon, Zinemaldia abiatzeko

Erredakzioa

Bi aktoreek Donostia Saria jaso zuten (2007an eta 1995ean), eta Zinemaldian izango dira berriz ere, 'Arbitrage' filma aurkezteko. Edizio honek ''jai'' ukitua eta ''izen erakargarriak'' izango ditu.

01:30
Richard Gerek Donostia Saria jaso zuen 2007an. EITB

Arbitrage Richard Gere eta Susan Sarandon izar handien pelikulak irekiko du Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioa. Hala, bi aktoreak Donostiara itzuliko dira; biek ere jaso dute aurretik Donostia saria: Richard Gerek 2007an, eta Susan Sarandonek, berriz, 1995ean.

Irailaren 21etik 29ra bitartean egingo dute Zinemaldiaren 60. edizioa, eta Arbitrage lanaren Europako estreinaldia aurkeztuko dute inaugurazio ekitaldian. Bi aktoreak ekitaldi horretan izango direla baieztatu du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak.

Goi mailako finantzen munduko maitasunari eta leialtasunari buruzko thriller estu eta seduktorea da. Gere eta Sarandonez gain, Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker ere badaude pelikulan.

''Festa ukituak''

60. edizioak ohi baino festa ukitu handiago izango duela azaldu du jaialdiko zuzendariak. Aurrekontuak ezarritako muga dela-eta, ezin izango da berrikuntza ''handirik'' egin, baina aurtengo edizioak ''izen erakargarriak'' izango dituela baieztatu du Rebordinosek.

Irailaren 26ko greba deialdia

Rajoyren Gobernuak ezarritako murrizketen kontra sindikatuek irailaren 26rako deitu duten greba dela-eta, Rebordinosek esan du ''arazoa'' izango dela, baina Zinemaldia ezin dela bizi gizartetik at, ''onerako zein txarrerako''. Hori dela-eta, lanuzteak programazioan ahalik eta eragin txikiena izan dezan lan egingo dutela azaldu du.