Itxi

kultura

Zinemaldia

19 film eskainiko dira Zinemaldiko Made in Spain sailean, tartean, 5 estreinaldi

EITB Media

Besteak beste, Itsaso Arana, Gerardo Herrero, Diego Llorente, Elena Martín Gimeno, Elena Trapé eta Miguel Ángel Vivasen filmak proiektatuko dira. Alvaro Longoriak itxiko du atala.

  • Cartel de Made in Spain. Foto: Zinemaldia.

    Cartel de Made in Spain. Foto: Zinemaldia.

Donostiako Zinemaldiko 71. edizioko Made in Spain saila 19 film luzek osatuko dute. Lehiazkoa ez den sail honetan, urteko film espainiarren hautaketa bat biltzen da. Aurtengo proiekzioen artean, mundu mailako bost estreinaldi izango dira, eta gainerakoak beste zinemaldi batzuetatik igaro diren edo duela gutxi estreinatu diren filmak dira.

Estreinaldien artean, Alvaro Longoriaren La vida de Brianeitor dago. Zuzendari eta produktore kantabriarrak desgaitasun fisikoa duen gazte baten istorioa dakar. Desgaitasun hori ez da oztopo bere garaiko gamer edo jokalaririk onenetakoa izateko. Pelikula hau aukeratu dute sailari amaiera emateko.

Estreinaldiekin jarraituz, Juan Francisco Viruegak Amanece, bere lehen film luzea, ekarriko du Zinemaldira, eta Mercedes Moncada Rodriguezek, berriz, Hormigas perplejas aurkeztuko du.

Horrez gain, Juanma Betancorten Semilla del son estreinatuko da, Santiago Auseron musikariaren Kubako itzulia ardatz duen road movie soinuduna.

Bestalde, Itsaso Arana Las chicas están bien lanarekin iritsiko da Zinemaldira. Zuzendari gisa duen estreinaldian, aktore lanak ere egin ditu gazte nafarrak, Barbara Lenniek eta Irene Escolarrek bezala. Antzezlan bat entseatzeko landetxe batean bildutako emakume talde baten gorabeherak kontatzen ditu lan honetan.

Halaber, Made in Spain sailak Asedio, Miguel Angel Vivasen thriller bat, eta Bajo terapia, Gerardo Herrero zinemagileak Malena Alterio, Alexandra Jiménez, Fele Martínez, Antonio Pagudo, Eva Ugarte eta Juan Carlos Vellido aktoreekin egindako azken lana, ere jasotzen ditu.

Elena Martín Gimenoren Creatura, Burnin' Percebes kolektiboaren El fantástico caso del Golem, Elena Traperen Els encantats, Juan eta Facundo Ponce de Leon anaia uruguaitarren Hay una puerta ahí eta Paloma Zapataren La Singla ere proiektatuko dira.

Hauek ere izango dira ikusgai: Moises Salamaren La memoria del cine: una película sobre Fernando Méndez-Leite, Alvaro Gagoren Matria eta Claudia Pinto Emperador zinemagile hispanovenezuelarrak Alzheimerra diagnostikatu ondoren Carme Eliasen bizitza jarraitzen duen Mientras seas tú lana.

Saila osatzeko, Diego Llorenteren Notas de verano, Carla Subiranaren Sica eta Unzué. L'últim equip del Juancar ditugu, alboko esklerosi amiotrofikoa duen Barçako atezain ohi eta entrenatzaile Juan Carlos Unzueren eguneroko erretratua.