Itxi

kultura

BEZaren igoeraren kontra

'Pirateriaren kontra joz, BEZa igoz baino gehiago bilduko litzateke'

Erredakzioa

BEZaren igoerak sektorea ''galbidera'' eramango duela salatu dute Euskadiko kultur industrietako ordezkariek. Kultura zerbitzu publiko gisa jo dezatela eskatu dute.

00:47
Euskal kulturaren eragileak kezkatuta daude, BEZaren igoera dela eta

Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako BEZaren igoera salatu dute Euskadiko kultur industria ezberdinetako ordezkariek. Haien ustez, berez ''ahula'' den sektorea ''galbidera'' eramango du igoerak.

Soilik pirateriaren kontra joz BEZaren igoerarekin bilduko dena lor daitekeela azpimarratu dute, eta igoerarekin lortuko denak datorren urteko aurrekontuetan enpresei laguntzak eskainiz  isla izatea eskatu dute.

Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak elkartasuna agertu nahi izan dio sektoreari. Igoera ''erasoa'' dela esan du, eta bildutakoa hainbestekoa izango ez dela aurreratu du. Kulturaren euskal sektorean izango duen eraginaren inguruko datuak ere eman ditu. Sailburuordeak azaldu duenez, Euskadiko kultur agenteen % 66ari egingo die kalte igoerak (agente horiek kulturaren esparruko langileen % 82a biltzen dutela gogoratu du Riverak). Enpresa horien fakturazioak % 78 egingo du behera, sailburuordearen datuen arabera.

Ana Pimenta Eskena ekoizpen eszenikoen enpresen elkartearen presidenteak esan du 13 puntuko igoera gehiegizkoa dela. Sektoreak % 8tik % 10erako igoera onar lezakeela aitortu du, baina % 21era arteko igoera gehiegizkoa dela uste du. Horregatik, erabakia berriz aztertzeko deialdia egin dio Gobernuari, eta kultura zerbitzu publiko gisa jo dezatela eskatu du, BEZ murriztua mantenduz.

Pilar Lopez Espainiako Kultur Industrien Enpresen Elkarteko presidenteak ere antzeko mezuaren alde egin du, eta kultura ''luxua'' izan ez dadin irtenbidea aurkitzeko eskaera egin du.

IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea ere egon da ekitaldian, eta Rajoyren Gobernuak dagoeneko zinemari zuzendutako laguntzak % 30 jaitsi dituela azaldu du Jose Portela elkarte horretako ordezkariak. ''Zaila da sinestea hau ez dela sektoreari zuzendutako zigor zuzena'', esan du.

BEZaren igoera horri esker bilduko denak datorren urteko aurrekontuetan isla izatea eskatu diote Kultura sailburuordeari, eta eta laguntzen bidez berriz
banatzea proposatu diote horretarako.. Halaber, soilik pirateriaren kontra joz BEZaren igoerarekin bilduko dena lor daitekeela azaldu du.

Azkenik, egoera ''oso larria'' izan daitekeela salatu du Carlos Juarez Euskal Ekoizleen Elkarteko presidenteak, eta enpresa asko desagertuko direla salatu du.

Euskal Aktoreen Batasuna, Euskal Musikarien Elkartea, Cultura Abierta elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea ere BEZaren igoeraren kontra agertu dira.