kultura
Unibertsitate ikerketa
BEZaren igoerak % 25 jaitsiko ditu zinema-industriaren diru-sarrerak
Erredakzioa
SGAEren 2012ko urtekariak agerian utzi duenez, kultura industriak beherantz jarraitu zuen 2011n, eta BEZaren igoerarekin okerrera egingo du. Kultura munduko ordezkarien artean kezka da nagusi.
-
BEZaren igoerak % 25 jaitsiko ditu zinema-industriaren diru-sarrerak. EITB
Irailetik aurrera, % 8tik % 21era igoko dute ikuskizunen BEZa, eta kultura munduko ordezkari eta profesionalen artean kezka da nagusi.
Javier Elizalde Nafarroako Unibertsitateko irakasleak kaleratutako ikerketa baten arabera, zinemako sarreren prezioa % 1 igotzeak ikusleen % 2,5 galtzea dakar. Hala, BEZa % 21 igotzeak diru-sarrerak % 25 jaitsiko ditu sektore horretan.
BEZaren 13 puntuko igoerak % 22ko beherakada eragingo du zinema ikusleen kopuruan; leihatilan % 12 gutxiago bilduko da, eta diru-bilketa garbiak % 25 egingo du behera, ikerketa horren arabera.
Bere onenean ez dagoen sektore baten etorkizunaren inguruko aurreikuspenak dira, eta, SGAEren 2012ko urtekariak agerian utzi duenez, oraina ere ez da oso positiboa.
Arte eszenikoak, musika sektorea eta ikus-entzunezkoak aztertzen ditu urtekari horrek, eta sektore horietan guztietan industriak beherantz jarraitu zuen 2011n, bai ikusle kopuruan eta baita leihatiletan bildutako diru-kopuruan ere.
Arte eszenikoek 2008an izan zuten hazkunderik handiena, eta, ordutik, beherantz egin dute etengabe. Taularatutako ikuskizunek % 18,7 egin dute behera, ikusleak ere % 24,3 jaitsi dira, eta bildutako diru-kopurua % 13,4 gutxiago da.
Zuzeneko musikak ere ikusleak galdu ditu (% 23,2), eta zuzenekoen kopurua % 12,2 jaitsi da. Bildutako diru-kopuruan % 11,3ko beherakada izan da. Grabatutako musikak ere beherantz egin du nabarmena: % 41 jaitsi da bildutakoa.
Zinemak ''beherakada leuna baina etengabea'' izan du azken urteotan: 2008tik % 9 jaitsi dira ikusleak. Leihatilan bildutako diruak, aldiz, gorantz egin du, sarreren prezioan izan den gorakada dela-eta.
Musika formatu digitalean: salbuespena
Formatu digitalean saldutako musikak, aldiz, % 7,46 egin du gora 2012ko lehen hiru hilabeteotan. Hala, joan den urteko epe berean bildutako 22.911.000 euroen aldean, aurten 24.619.000 euro bildu ditu, Promusicaek kaleratutako txosten baten arabera.