Itxi

kultura

Bizkaia

Bilboko Kalealdiak kaleko antzerkiz eta artez beteko du hiria, ekainaren 19tik 24ra

EITB Media

24. edizio honetan 34 konpainiak hartuko dute parte, eta 16 estreinaldi izango dira.

  • Antzerki jaialdiaren aurkezpena, atzo. Argazkia: Bilboko Udala

    Antzerki jaialdiaren aurkezpena, atzo. Argazkia: Bilboko Udala

Bilboko Udalak urtero antolatzen duen Bilboko Kalealdia - Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak 24. edizioa jarriko du abian, ekainaren 19an, astelehena.

Jaialdiaren edizio berri honek hilaren 24ra arte, larunbata, iraungo du eta 34 ikuskizun ekarriko ditu urira, programazioz betetako sei egunetan zehar 69 emanaldirekin gozatu ahal izango direnak.

Programazioa ostegunean aurkeztu zuten Casilda Iturrizar parkean, jaialdiaren agertoki nagusietako batean, eta bertan izan ziren Itziar Urtasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Zinegotzia, eta Pedro Ormazabal, Bilboko Kalealdiko zuzendaria.

2023 honetan, Bilboko Kalealdiak 16 estreinaldi eskainiko ditu, nazioarteko showekin, baina, aldi berean, tokiko konpainien talentuaren aldeko apustua aldarrikatuko du.

Jaialdia 11 espaziotan izango da gozagai: nagusietako bat Casilda Iturrizar Parkea izango da berriro, eta parkearen inguruan hainbat agertoki izango ditu, urmaeletik gertu (lau gune egongo dira bertan) eta Pergolan agertoki bat.

Arriaga Plazan, Arriaga Antzokiaren alboan, Alde Zaharran izango diren agertokietan (Plaza Barria, Kapelagile kalea, Posta kalea), Areatzako Tingladoetan, Bizikidetasun Plazan (Isozaki Dorreen artean) eta Gas Plazan ere izango da Bilboko Kalealdia.

Aurtengo edizioak Food Truck janari postuak ere ekarriko ditu, eta Gargantua izango du bisitari, ohiko tradizio horretaz gozatu nahi duten txikien zain.