kultura
Dantzaren Hilabetea
Iker Rodriguezek eta Aukeranek jasoko dituzte Gipuzkoako Dantzaren Sariak
N. V. | EITB Media
Gipuzkoar dantzaria eta konpainia sarituko ditu Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak.
-
Aukeran Dantza Konpainia izango da aurtengo sarituetako bat
Iker Rodriguez 2018tik Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean diharduen donostiar dantzaria eta Aukeran, Edu Muruarmendiarazek duela 25 urte sortutako dantza konpainia, sarituko ditu aurten Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak, urtero ematen dituen sarietan.
Mentxu Medelen Thalia Dantza Estudioan hasi zen ikasten Iker Rodriguez donostiarra. Gero, Dantzaz Konpainian sartu zen, eta 2018ko irailean, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean sartu zen, José Carlos Martínezen zuzendaritza artistikopean.
Aukeran Konpainiak, bestalde, 25 urte daramatza "fruitu berriak eskaintzen", dantza tradizionalean oinarrituz, baina forma eta kontzeptu berrietara irekita, "tradizionalaren eta garaikidearen arteko oreka perfektuari eutsiz".
Dantzaren Hilabeteko programazioa larunbatean hasiko da, Alderdi Ederren. Dantza Kalean ekimenak 13 eskolatako 281 dantzari batuko ditu. Biharamunean, apirilaren 30ean, "Kontxako Baranda" ekimenean parte hartuko dute 1.476 dantzarik.
AZkenik, maiatzaren 28an Dantzaren Eguneko Gala egingo dute Victoria Eugenia antzokian, eta agertoki gainean egongo dira, besteak beste, Lucia Lacarra eta Matthew Golding; Jon Agirretxe eta Cristina Casa, Madrilgo Dantza Konpainia Nazionaleko kideak; Fabio Lópezek zuzendutako Baionako Illicite Konpainia; Iker Rodríguez donostiarra; Aukeran Dantza Konpainia; eta Biarritzeko Malandain Ballet.