kultura
kontzertua
Hertzainak taldeak agur esango die betiko agertokiei gaur gauean, Gasteizen
agentziak | eitb media
Joan den abenduan BECen motorrak berotu ondoren, gaur gaueko kontzertua, 20.000 lagunen aurrean, talde mitikoaren azken agurra izango da. Horretarako, 15 artista gonbidatu izango ditu talde gasteiztarrak.
-
Hertzainak taldearen kontzertua, BECen. Artxiboko argazkia: EITB Media
Hertzainak euskal talde mitikoak agur esango die gaur agertokiei, Mendizabalan ezarriko duten karpa klimatizatu batean, 20.000 lagunen aurrean eta "Azkena gure alde!" izenburupean. Sarrerak azaroaren 30ean jarri ziren salgai taldearen webgunean, eta astelehen honetan agortu ziren.
Publikoaren aurreko azken hitzordu honetan, Hertzainak ez da bakarrik egongo; izan ere, 22:00etan hasiko den kontzertua baino bi ordu lehenago, hainbat estilo eta belaunalditako 15 artista gonbidatuk joko dute; besteak beste, Ruper Ordorikak, Mikel Urdangarinek eta Duplak.
Nolanahi ere, musika eta jai giroa dezente lehenago hasiko dira Arabako hiriburuan, 13:00etatik aurrera hainbat emanaldi prestatu baitituzte Matxete plazan eta hiriko alde zaharrean zehar.
Egunean zehar eta kontzertu propiora jende ugari hurbiltzea espero da. Izan ere, Gasteizko Udalak autobus zerbitzu bereziak jarri ditu, bertaratutakoek ibilgailu pribatura jo behar ez dezaten, Mendizabalara iristeko.
Zehazki, Tuvisak hiriko musika hitzordu handietan ematen duen zerbitzuaren antzekoa eskainiko du, esaterako, leku berean izatekoa den Azkena Rock Festival jaialdian.
Hala, 80ko hamarkadan jaiotzen ikusi zituen hiri berean azken aldiz joko duen taldearen agurraren agertoki bihurtuko da Mendizabala. Gasteizko hitzorduak amaiera emango dio abenduaren erdialdean Barakaldoko BECen bi kontzerturekin abiatutako agur birari.
1978 urtean du jatorri taldeak, orduan hasi baitzen Hertzainak izango zenaren hezurdura osatzen. 1981eko Urtezahar gauean egin zuen lehen zuzeneko emanaldia, Gasteizen, eta 1993ko urriaren 30ean eman zuen azken kontzertua, Izarran.
Orduz geroztik, Hertzainak taldeko kideek noizbehinkako emanaldiak eskaini izan dituzte, hala nola Tito Aldamaren omenaldian (2012) edo 2019an egin zituzten kontzertuetan. Gaur gaueko kontzertua, 20.000 lagunen aurrean, agertokien behin betiko agurra izango da.