Itxi

kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Messik Maialen Lujanbio zoriondu du

EITB MEDIA

Twitter sare-sozialean zabaldutako mezu labur batean, futbol jokalari argentinarrak honakoa idatzi du: "Muchísimas felicidades por su último gran triunfo, Maialen. ¡Admiración!" ("Zorionak zure azken garaipen handiagatik, Maialen. Miresmena!").

  • Lujanbio eta Messi, 2018an, Anoetan.

    Lujanbio eta Messi, 2018an, Anoetan.

(Albiste hau 2022ko abenduaren 28an argitaratu da, Inozenteen egunean)

Igandeko finalaz geroztik, Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022ko txapelduna jasotzen ari den mezu oldea baretzen ari zela zirudienean, Lionel Messi futbol jokalari argentinarrarena heldu zaio, Twitter bidez. Hitzez hitz, honakoa idatzi dio: "Muchísimas felicidades por su último gran triunfo, Maialen. ¡Admiración!" ("Zorionak zure azken garaipen handiagatik, Maialen. Miresmena!").  

2018ko urtarrilean ezagutu zuten elkar Lujanbiok eta Messik, bakoitzak berean munduan parekorik ez dutenak biak. Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 irabazi berritan, ohorezko sakea egin zuen Lujanbiok Realaren eta Bartzelonaren arteko norgehiagokan, Anoeta zelaian. Ia bost urte geroago, zoriak edo hala erabakita, bien istorioak berriro gurutzatu dira.  Egun eta ia ordu berean biak berriro protagonista izan dira: batak Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Iruñean, eta besteak Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren.  

Lujanbiok ere Messiri aipamena egin zion Nafarroa Arenako final gogoangarrian, arratsaldeko saioko agurrean:

Ia sargardo, ardo / patxaran ta abarren

Tragoak ea hona / txinparta dakarren

Ganbaran egon gara / palkoan Sadarren

Zelaia hutsik eta / Lionel Qatarren

Mobilei disimuluz / begiratu arren

Halaber, Euskadi Irratian joan den asteartean egindako elkarrizketaren amaieran, Iñaki Guridi kazetariak Messiren zorion mezurik jaso zuen galdetu zion bertsolari hernaniarrari, eta hark ezetz erantzun zion, "zain" zegoela. Bada, jaso du mezua.