kultura
Golardoa
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria Enkarni Genuarentzat
N. V. | EITB Media
Txotxongilo-sortzaile, idazle eta kultura-dibulgatzaileak jasoko du Eusko Ikaskuntzak pertsona baten obra osoa goratzeko sortu zuen saria.
-
Enkarni Genua
Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzaile, idazle eta kultura-dibulgatzaileak jasoko du aurten Manuel Lekuona Eusko Ikaskuntzaren saria. 1983an sortu zuen saria elkarteak, "euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsona ospetsuen obra osoa goratzeko".
"Txotxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz" nabarmendu dute Eusko ikaskuntzako ordezkariek.
1971n, Txotxongillo taldea sortu zuen Manolo Gomezekin batera, eta mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan, talde horrekin.
Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu.
1992tik aurrera, Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, baita Topci Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen ere, biak Tolosan.
Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emango diote ekitaldi publiko batean, baina oraindik ez dute zehaztu noiz izango den hori.