kultura
Saria
Lizar Begoñak irabazi du Igartza saria
EITB MEDIA
“Itzalkinak eguzkitan” eleberri proiektua iruditu zaio onena epaimahaiari, 11 hautagaien artean. Aurtengoa edizioa berezia da, 25 urte betetzen baititu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek.
-
Lizar Begoña, Igartza sariaren irabazlea. Argazkia: Hiruka
Lizar Begoña idazle sopeloztarra izan da aurtengo Igartza sariaren irabazlea. Deialdian 11 proiektu aurkeztu dira, eta Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek adostu dute Itzalkinak eguzkitan izeneko eleberri proiektua dela onena.
Aurtengoa edizioa berezia da, 25 urte betetzen baititu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.
Lizar Begoña Madariaga 1996. urtean jaio zen Sopelan. Arte Ederretan graduatua da eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria). Lan honekin Donostia Kultura saria irabazi zuen idazle gazteak, eta 2022an argitaratu du bigarrena, Gepardo japoniarrak (Susa), hau ere poesiazkoa.
Itzalkinak eguzkitan proiektuak Benidormera garamatza: gune turistikoetan kokatutako kiosko bat da gertalekua, eta bertan lan egiten duten emakumezko bi dira protagonistak. Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizikizunak… Gertakizunekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak.