kultura
Arkeologia
Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro bideratuko ditu Iruña-Veleiako aztarnategia berritzera
N. V. | EITB Media
Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ingurua "sendotu eta lehengoratzeko" proiektua garatuko dute 2025era arte, aztarnategiaren "ospe ona berreskuratzeko".
-
Iruña-Veleiako aztarnategia
Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro transferituko dizkio Arabako Foru Aldundiari, Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan (Langraiz Oka, Araba) induskatutako egiturak "sendotzeko eta lehengoratzeko". Diru hori Espainiako Gobernutik jasotako Next Generation EU funtsei dagokie.
Bingen Zupiria Kultura sailburuak eman du hitzarmen horren berri, udako etenaldiaren aurreko azken Gobernu Kontseiluaren ondoren, eta azaldu du dirulaguntza horren ondoren, aztarnategia berreskuratzeko beste batzuk etorriko direla.
Arabako Foru Aldundiak "aztarnategi eskola" bihurtu nahi du Iruña-Veleiako gunea, "kultur eta turismo ondarea" izatea ez ezik, eta, horretarako, aztarnategia biziberritzeko egitasmoa garatu nahi du Eusko Jaurlaritzarekin batera, 2025era arte.
Arabako Aldundiarena den aztarnategiaren inguruan hautsak harrotu ziren, Eliseo Gil bertako zuzendari ohiari bi urte eta hiru hilabeteko kartzelaldia ezarri baitzioten bere garaian historikotzat jo zituzten grafitoak faltsutzeagatik (euskararen presentziaren lehen zantzuen agerpena hainbat mende lehenago kokatzen zuen).