Itxi

kultura

Nafarroa

Pedro Salaberri, El Drogas, Josu Imanol Delgado eta Jose Luis Lizarraga, Vianako Printzearen Sarirako hautagai

N. V. | EITB Media

Kulturaren Vianako Printzearen Sariak kulturgintzan azpimarragarriak diren pertsona eta erakundeen, oraingoan lau gizonezkoren, ibilbidea "nabarmendu eta azpimarratzen" du.

  • Enrique Villarreal "El Drogas" da hautagaietako bat. Argazkia: Efe.

    Enrique Villarreal "El Drogas" da hautagaietako bat. Argazkia: Efe.

Pedro Salaberri margolaria, Enrique Villarreal "El Drogas" musikari eta Barricada taldearen sortzaile, baxu-jotzaile eta abeslaria, Jose Luis Lizarraga musikari eta konpositorea eta Josu Imanol Delgado ekonomialaria dira Kulturaren Vianako Printzearen Saria jasotzeko hautagaiak.

Nafarroako Gobernuak antolatzen ditu Vianako Printzearen Sariak, "kulturgintzan azpimarragarriak diren pertsona eta erakundeen ibilbidea nabarmendu eta azpimarratzeko", eta, oinarrietan zehazten denez, kontuan hartzen ditu arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan oinarritutako jarduera sortzailea eta zientzian, teknikan eta ikerketan egindako lana.

Epaimahaia Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek osatzen dute, eta proposamenak, hautagaien merezimenduak eta Nafarroarekiko atxikipena balioztatuko dituzte maiatzean egin behar duten bilera batean sariaren irabazlea nor den ebazte aldera.

Aurtengo sariketan, 2021ean bezala, 20.000 euroko diru saria jasoko du irabazleak.

Pedro Salaberri Zunzarrenek (Iruñea, 1947) "obra piktoriko oparoa egin du naturaren interpretazioari lotuta, nola naturaren adierazpenari hala giza naturaren erretratuari dagokienez, eta eguneroko gure bizitza duintzeko erabili du pintura", José Javier Azanza, Javier Balda, Francisco Javier Chocarro, Susana García, Ana Moreno, Javier Manzanos eta Villar López Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek aurkeztutako hautagaitzan jaso dutenez.

Enrique Villarreal Armendariz (Iruñea, 1959), "El Drogas" gaitzizenez ezagunagoa, Ángel García Carreño Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideak proposatu du. 40 urte baino gehiagoko ibilbidean, 20 disko baino gehiago grabatu ditu, eta, bere hautagaitzaren mentorearen hitzetan, "gaztelaniazko rockaren erreferentzia globaletako bat" da.

José Luis Lizarraga Gastón duela 82 urte, 1940an, jaio zen Añorben, eta itsua da 14 urte zituenetik. Solfeoa eta pianoa ikasi zituen, eta hainbat eta hainbat musika idatzi ditu: Nafarroako 200 jota baino gehiago, abestiak, prozesioetarako doinuak…

Josu Imanol Delgado Ugarteren (Bilbo, 1965) hautagaitza Comunica Valencia elkarteak bultzatu du, eta idazle gisa egindako lana goraipatu dute bertan: ekonomia eta finantzei buruzko 37 liburu argitaratu ditu, hala nola 'El crash del 2007', 'Economía Fácil' eta 'Criptomonedas presente y futuro'.