kultura
Argazki lehiaketa
Kamloopseko Eskola indigenan hil ziren haurrei buruzko irudi batek irabazi du World Press Photo 2022 saria
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Kanadan lurperatutako 215 haur indigenen aurkikuntza lazgarria islatzen duen Amber Bracken kanadarraren argazkia izan da aurtengo garailea.
-
Amber Brackenen "Kamloops Residential School"
-
Matthew Abbotten "Saving Forests with Fire"
-
Lalo de Almeidaren "Amazonian Dystopia"
-
Lalo de Almeidaren "Amazonian Dystopia"
-
Lalo de Almeidaren "Amazonian Dystopia"
-
Matthew Abbotten "Saving Forests with Fire"
-
Matthew Abbotten "Saving Forests with Fire"
-
Matthew Abbotten "Saving Forests with Fire"
-
Matthew Abbotten "Saving Forests with Fire"
-
Isadora Romeroren "Blood is a Seed"
World Press Photo Foundationek dagoeneko iragarri ditu World Press Photo lehiaketako irabazleak, fotokazetaritzako sari nagusiak. Aurten, epaimahaiak Amber Bracken argazkilari kanadarraren lana saritu du Kanadako Kamloops eskola indigenan hil ziren haurrei egindako omenaldiarekin.
The New York Timesentzat egindako lanean, errepide batean zehar gurutzeetan zintzilikatutako soineko gorriak ageri dira. Rena Effendi epaimahaiko presidentearen hitzetan, "zure oroimenean iltzaturik geratzen den irudi horietako bat da, zentzumenen erreakzio moduko bat inspiratzen duena. Lasaitasuna ageri da argazki honetan, Kanadan ez ezik, mundu osoan ere kolonizazioaren historiako kontuak garbitzeko une lasai bat", adierazi du.
Urteko Erreportaje Grafikoaren World Press Photo saria, berriz, Matthew Abbott fotokazetariarentzat izan da. Australiako indigenak lurra estrategikoki erretzen erakusten ditu National Geographicentzat egindako lan horrek. "Erreketa hotza" esaten zaio praktika horri, eta suteak astiro mugitzen dira, sastrakak bakarrik erretzen dituzte eta sute handiagoak elikatzen dituen erregaia metatzea ezabatzen dute.
"Hain ongi antolatu zuen lana, non irudietan ere ezin baita modu desberdinetan pentsatu. Osotasun gisa ikusten duzu, eta narratiba perfektua izan zen", adierazi du epaimahaiburuak.
Matthew Abbotten 'Saving Forests with Fire'
Epe luzerako World Press Photo proiektuaren saria, bestalde, Lalo de Almeidaren "Amazonian Dystopia" lanak jaso du, Amazoniaren okupazioa eta bertako oihanean eta biztanleengan duen eragina dokumentatzen dituena.
Irudiak Folha aldizkarian argitaratu ziren, eta, Effendiren iritziz, "tokiko komunitatean ez ezik, mundu mailan ere ondorio negatiboak dituen zerbait erakusten du lanak, mundu mailako erreakzio-katea sortzen baitu".
Lalo de Almeidaren 'Amazonian Dystopia'
Formatu irekiko World Press Photo Sariari dagokionez, Isadora Romeroren (Ekuador) "Blood is a Seed" izan da lan irabazlea. Unera, (Cundinamarca, Kolonbia) antzinako herrira egindako bidaia da, non Romerok lurrari eta laboreei buruzko oroitzapen ahaztuak arakatzen dituen eta bere aitona eta birramonari buruz ikasten duen.
Isadora Romeroren 'Blood is a Seed'
Aurten, 130 herrialdetako 4.066 argazkilariren 64.823 lan bildu ditu.