kultura
Euskara
Netflixek euskarazko azpidatzien 200 ordu eta euskarara bikoiztutako edukien 20 ordu gehituko ditu aurten
N. V. | EITB Media
Ikus-entzunezko plataformak 70 lan jarriko ditu euskaraz, galegoz eta katalanez urtea amaitu baino lehen: azpidatzitako edukien 200 ordu eta bikoiztutakoen 20 ordu hizkuntza bakoitzeko.
-
Netflxen menua. Argazkia: Pixabay.
Netflixek euskararen, galegoaren eta katalanaren presentzia indartuko du 2022an bere katalogoan, "nazioarteko hainbat telesail eta pelikula azpidatziz eta haurrentzako eta familia osoarentzako zenbait pelikula bikoiztuz".
Estatubatuar konpainiaren hitzetan, 2022an pelikula eta telesailen 600 ordu azpidatzi eta haurrentzako pelikulen 60 ordu bikoiztuko dituzte euskaraz, galegoz eta katalanez, 200 ordu azpidatzi eta 20 ordu bikoiztu hizkuntza bakoitzeko.
"Ez da nahikoa"
EITB Mediak Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz elkarteko kidearekin hitz egin du, eta, haren hitzetan, Netflixek eman du pauso bat, bai, baina "ez da nahikoa". "10 edo 15 pelikula bikoiztuko dituzte, % 0,05etik % 0,5era pasa liteke hizkuntza hauen presentzia plataforman, horren ondorioz, baina hori oso gutxi da".
Aginagalderen ustez, Ikus-entzunezkoen estatu lege berriak zerikusia izan du Netflixen erabakian, baita herri ekimenen jarduerak ere.
Erabaki "oso garrantzitsua"
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du "oso garrantzitsua" dela Netflix plataformaren erabakia.
Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsa agerraldian Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak "etengabeko harremana" izan du ikus-entzunezko edukiak eskaintzen dituzten plataformekin eta, bereziki, Netflixekin, "guk gure interesagatik, eta baita Netflixek berak ere interes hori adierazi zigulako eta guregana hurbildu zelako".