kultura
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Uztailaren 1etik 3ra egingo da aurten EHZ festibala, Irisarrin
EITB Media
Aurtengoa jaialdiaren 26. edizioa izango da, eta uztailaren 1, 2 eta 3an ospatuko da. Datozen asteetan emango dute antolatzaileek aurtengo edizioaren nondik norakoen berri.
-
2019ko EHZ festibalaren une bat
Aurtengo Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalak badu data. Antolatzaileek astelehen goizean iragarri dutenez, uztailaren 1etik 3ra egingo da 26. edizioa, Irisarrin (Nafarroa Beherea), hirugarren aldiz.
Ohar baten bidez gogoratu dutenez, dagoeneko dozena bat batzordetako kideak ari dira lanean: nazioarteko eta Euskal Herriko artistak, partaide berriak, ikuskizunak, mintzaldiak... Datozen asteetan xehetasun gehiago emango dituztela iragarri du EHZ festibalak.
Iaz jaialdia testuinguru berezian ospatu zen; izan ere, jaialdiaren esparrura sartu ahal izateko, osasun-ziurtagiria aurkeztu behar izan zuten bertaratutakoek: txertatuta egotea edo PCR test edo antigeno negatibo bat izatea nahitaezkoa izen. 600 boluntariok kontrol zorrotzak egin zituzten. Dena dela, arrakastatsua izan zela esan dute antolatzaileek.
Aurrerago zehaztuko dute aurtengoan zer-nolako baldintzak bete beharko diren.
'EHZ Udaberria' Biarritzen
Aurrez, baina, bada beste hitzordu bat, martxoaren 26rako Biarritzeko 'EHZ Udaberria' ekimena prestatu baitute. Hala, 17:00etan, Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzenduriko 'Altsasu (gau hura)' dokumentala proiektatuko dute Le Royal zinema-aretoan, eta solasaldia egingo dute ondoren Arzallusekin.
Horren ostean, poteoa izango da, eta gaualdia Mizanbu gaztetxean bukatuko da. "Arratsean zehar zenbat sorpresa ere izanen dira", aurreratu dute antolatzaileek.