Itxi

kultura

Urteurrena

Txillardegi gogoratuko dute, haren heriotzaren hamar urte beteko direnean

N. V. | EITB Media

Idazle, pentsalari eta hizkuntzalaria 2012ko urtarrilaren 14an hil zen, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzten Donostian urtarrilaren 11, 13, 15 eta 18rako.

  • Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi"

    Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi"

Urtarrilaren 14an, hamar urte beteko dira euskalgintzaren inoizko buru argi eta emankorrenetako bat itzali zela. Egun horretan hil zen, 2012an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta pentsalaria.

Orain, hamar urte geroago, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtarrilaren 11, 13, 15 eta 18rako, Donostian. Urtarrilaren 11n, 19:00etan San Telmo Museoan 'Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta bere gaurkotasuna' hitzaldia izango da.

Bi egun geroago, urtarrilaren 13an, berriz ere San Telmon eta 19:00etatik aurrera, Kronikak liburua aurkeztuko dute Koldo Izagirrek, Garbiñe Ubedak, Juan Luis Zabalak eta Gorka Bereziartuak.

Urtarrilaren 15ean, larunbatarekin 12:00etatik aurrera, ekitaldia egingo dute Txillardegi plazan, eta urtarrilaren 18an, asteartearekin 19:00etan San Telmo museoan, Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea liburuak aurkeztuko dituzte.

Bestalde, Txillardegi Liburutegia ekimenaren arduradunek beste bultzada bat eman nahi diote idazlea zendu zenean Donostiako udal liburutegi nagusiak "Txillardegi Liburutegia" izena har dezan eskatzeko egin zuten sinadura bilketari.