kultura
heriotza
Luis de Pablo konpositore bilbotarra hil da
Agentziak | EITB MEDIA
De Pablo igande honetan hil da, Madrilen. Konpositore oparoa, 51ko Belaunaldiaren kideetako bat izan zen, baita hainbat sari jasotakoa ere, tartean Espainiako Musika Sari Nazionala (Espainiako Gobernua, 1991) edota Artearen eta Letren zaldunarena (Frantziako Gobernua, 1986).
-
De Pablo, artxiboko argazki batean. EITB Media
Luis de Pablo (Bilbo, 1930) euskal konpositore eta 51ko Belaunaldiko (Musika Berria) kide garrantzitsuenetakoa hil da igande honetan, 91 urte zituela, familiako iturriek jakinarazi dutenez.
Musika serial eta aleatorioko konpositore abangoardista izan zen, eta musika garaikidearen erreferentea. Hainbat sari jasotakoa zen, tartean Espainiako Gobernuak ematen duen Musika Sari Nazionala (1991) edota Frantziako Gobernuak banatzen duen Artearen eta Letren zalduna (1986).
51ko Belaunaldiaren kide ezagunenetarikoa, Espainian musika kultu garaikidea hedatzen lan handia egin zuen eta musika elektroakustikoaren lehen laborategia sortu zuen.
Espainiako Gaztedi Musikalak elkarteko presidentea izan zen hiru urtez (1960-1963), eta Madrilgo Musika Garaikidearen lehen biurtekoa antolatu zuen. Horrez gain, Espainiako Estatuko musika elektronikako lehen laborategia (Alea) zuzendu zuen, eta IBM ordenagailu batekin sortutako lehen musika-lana (1966) izenpetu zuen.
De Pablo 1930eko urtarrilaren 28an jaio zen, Bilbon, eta zortzi urte zituela hasi zen musika jotzen, Hondarribian. Bere kasa ikasi zuen musika lehen urteetan, eta, ondoren, Madrilen jaso zuen formakuntza osagarria, Maurie Ohana, Max Deuthsh eta beste bazuen eskutik. Musika ikasketak egiteaz gain, Zuzenbidean lizentziatu zen 1952an.
Emari handiko egilea izan da De Pablo, 100 lan baino gehiago sortu baititu, horien artean dozena erdi opera eta kantata, baita Ehiza (1965, Saura) eta Erlauntzaren hariak (1973, Erice) film ezagunetako soinu-bandak ere. Gainera, lau liburu idatzi zituen.
Madrilgo Erkidegoaren Saria irabazi zuen 2002an, eta ibilbide osoa saritu zioten 2003ko Arthur Honegger sariketan, besteak beste. Madrilgo Complutense Unibertsitatean 'honoris causa' doktore izendatu zuten 1977an.
Erreakzioak
Iñigo Urkullu lehendakariak doluminak agertu ditu "musika garaikidearen maisua" hil berritan.
Sare sozialetan partekatutako mezu batean nabarmendu duenez, "bere sintonien ondarea gurekin jarraituko du".
¿¿ Luis de Pablo musika sortzaile handia hil da. Gure doluminak eta gertutasuna senitarteko eta lagun guztiei. Musika garaikidearen maisua izan da eta bere sintonien ondarea gurekin jarraituko du.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) October 11, 2021
Goian bego!
Juan Mari Aburto Bilbo alkateak ere bere "dolua" agertu du. Alkatearen ustez, "bere bikaintasuna obra guztietan utzi zuen zipriztinduta".