kultura
Musika
Bilbao BBK Live Udazkenak 6000 pertsona elkartu ditu zutik egon zitekeen lehenengo kontzertuetan
agentziak | eitb media
Zikloaren bigarren partea azaroaren 11tik 13ra izango da, eta "dagoeneko nabaria da penintsula osoko publikoaren gorakada", Last Tourren arabera.
-
BBK Live Udazkenako kontzertua. Argazkia: Efe
Aurreko ostegunean hasi zen Bilbao BBK Live Udazkenaren lehenengo zikloan 6.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren, covid-19aren osasun alarma bertan behera geratu eta EAEn zutik egin ahal izan diren lehenengo kontzertuetan.
Mando Diao, The Hives, Leon Benavente, El Columpio Asesino, Maria Arnal i Marcel Bages, Novedades Carminha, Omago eta Venturi izan dira lehenengo zikloan parte hartu duten taldeak.
Last Tourretik azaldu dute "arrakasta handia" lortu dutela, eta dagoeneko nabari dela "penintsula osoko publikoaren gorakada" azaroaren 11tik 13ra egingo den zikloaren bigarren zatiari begira.
Kontzertu sorta honen laugarren gauean egongo da Caribou, 'Can't Do Without You' abestiaren egilea, Suddenly azken diskoa aurkezten. ZETAK nafarren musika elektronikoa ere igoko da oholtzara, eta Gazziren "nahasketa urbano apurtzailea" izango da ekitaldiari hasiera emango diona, antolatzaileen esanetan.
Ostirala Uniforms andaluziarrekin hasiko da, Asier Etxeandiak Mastodonterekin duen proiektuak emango dio jarraipena, eta Rigoberta Bandinik itxiko du saioa.
Azkenik, zikloa amaitzeko, Teenage Fanclub eskoziarrak, Dorian eta Bulego egongo dira.
2022ko uztailaren 7an, 8an eta 9an egingo den Bilbao BBK Liven aurrekaria izango da zikloa, eta salgai daude sarrerak oraindik.