kultura
Abenduaren 3tik 8ra
Aurrez aurreko 56. Durangoko Azoka baten aldeko apustua egingo du Gerediaga Elkarteak
Agentziak | EiTB Media
Horrez gain, iazko sareko salmentaren arrakasta ikusita, eta edukiera mugatua izan beharko denaren jakitun, denda birtualari ere eustea erabaki dute.
-
Iazko Durangoko Azoka. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, abenduaren 3tik 8ra ospatuko den 56. Durangoko Azoka "erronkaz beterik dator", eta aurrez aurreko azoka baten aldeko apustua egingo du Gerediaga Elkarteak, Landakon erakusmahaiak jarriz, bisitariak gonbidatuz eta urteroko sortzaile eta kulturzaleen arteko harremanak berreskuratuz, beti ere momentuko osasun neurrietara egokituz eta segurtasuna bermatuz.
Horrez gain, iazko sareko salmentaren arrakasta ikusita, eta edukiera mugatua izan beharko denaren jakitun, denda birtualari ere eustea erabaki dute, parte hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kulturzaleei ere erosketa ahalbidetuz.
Beraz, aurten erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.
Bestalde, Durangoko Azokan izena emateko epea zabaldu dute astelehen honetan, eta parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz ekoizleek irailaren 19ra bitarte dute horretarako aukera www.durangokoazoka.eus webgunean.
Azkenik, kultur sorkuntza digitala ardatz duen Sormen Bekaren laugarren edizioan parte hartzeko epea zabalik dago eta irailaren 21an itxiko da. 15.000 euroko diru saria jasoko du irabazleak eta Durangoko Azokan emango da haren berri. Deialdiari buruzko informazio zehatza eskuragarri dago durangokoazoka.eus webguneko Sormen Beka DA! atalean.