Itxi

kultura

Max sariak

Euskal antzerki eta dantza, Max sarietarako gertu

N. V. | EITB Media

Arte eszenikoen Espainiako sariak urriaren 4an emango dituzte, Bilbon. "El bar que se tragó a todos los españoles" Alfredo Sanzol nafarraren lana da izendapen gehien bildu dituena.

  • "Kutsidazu bidea Ixabel" (Demode Produkzioak)

    "Kutsidazu bidea Ixabel" (Demode Produkzioak), ikuskizun musikal onenaren atalean izendatuta

Euskal antzezlan eta dantza ikuskizunek hainbat izendapen jaso dituzte Max arte eszenikoen sarien hogeita laugarren ediziorako, zeinaren gala urrian egingo baitute Bilbon hirugarrenez, Arriaga Antzokian.

"El bar que se tragó a todos los españoles" ukitu autobiografikoak dituen Alfredo Sanzol nafar zuzendari eta dramaturgoaren komedia da sarietako faborito nagusia, bost izendapen pilatu baititu atal hauetan: antzezlan onena, egile onena, eszena zuzendaritza onena, gizonezko aktore onena eta espazio eszenikoaren diseinu onena.

Gainera, "Kutsidazu bidea Ixabel" (Demode Produkzioak) finalista izango da ikuskizun musikal edo liriko onenaren sailean; "Psike" Markeliñeren eta "Symfeuny" Deabru Beltzak taldearen lanak kaleko ikuskizun onenaren saria irabaz lezakete; eta "Uniko" Teatro Paraíso konpainiaren ikuskizuna ume, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren atalean dago izendatuta.

Gainera, María Goiricelaya egile onenaren sailean izango da finalista "El patio de mi casa / Harri Orri Ar" lanagatik. Aurretik, "Ocaña" (Pabellón 6) eta Arriaga Antzokiak ekoitzitako "Ama Kuraia" zuzendu izan ditu Goiricelayak.  

Azkenik, Lucia Lacarra ("Fordlandia") eta Iratxe Ansa ("Al desnudo) gipuzkoar dantzari ezagunak ere finalista izango dira, Dantzako Emakumezko Interpretatzaile Onenaren sailean.



Max sariak urriaren 4an banatuko dituzte, Arriaga anzokian, Bilbon. Gainera, Max Arte Eszenikoen Espainiako sarien XXIV. edizioaren antolatzaileek Zaleentzako edo Gizarte esparruko Max saria Teatro Estudio 1965ean San Sebastian Martiriaren Antiguako elizan sortutako donostiar konpainia amateurrak jasoko duela iragarri du.