kultura
Idazlea
Joseba Sarrionandia Euskal Herrira itzuli da
eitb media
Jaioterrira joan da, Iurretara (Bizkaia), senideak eta gertukoak bisitatzera.
-
Joseba Sarrionandia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB
Joseba Sarrionandia idazle entzutetsu eta ETAko kide ohia Euskal Herrira itzuli da 36 urteren ostean, Anboto.org-k berri eman duenez.
1985ean Martuteneko kartzelatik ihes egin ostean, idazle gisa lan andana argitaratu eta euskal idazle handienen artean leku bat eginda itzuli da Kubatik Euskal Herrira.
Jaioterrira joan da, Iurretara (Bizkaia), senideak eta lagunak bisitatzera. Iritsi denean, aipatu hedabidearen galderei erantzunez, aitortu du "herri diferentea" topatu duela, "jendea ere oso diferentea, ikusten denez, baina ezin dut esplikazio berezirik eman, gauza ezezagunak dira niretzat".
"Aita ez dut aurkitu, orain urte batzuk hil zen. Jende asko falta da. Denborak pertsona asko jaten du. Apur bat arraroa da sobrebibiente sentsazio hau", deitoratu du.
"Ez nuen Ertzaintza ezagutzen, ETB ere ez dut sekula zuzenean ikusi, harrituta nago hainbeste errotondagaz... Oso diferentea da dena", azpimarratu du.
'Sarri'k 1985ko uztailaren 7an egin zuen ihes espetxetik Iñaki Pikabea 'Piti'rekin batera, Imanolek kartzelan kontzertua eman zuela aprobetxatu eta bozgorailuetan ezkutatuta.
Urte luzez misterio bat izan zen idazle, poeta eta itzultzailea non zegoen, baina duela gutxi jakin zen Kuban bizi zela, Habanan, eta unibertsitatean beste izen batekin eskolak ematen zituela.
Biografia laburra
Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) euskal kulturgintzako idazle ezagun eta arrakastatsuenetakoa da, eta ibilbide emankorra izan du, azken hamarkadak klandestinitatean eman baditu ere.
Besteak beste, Espainiako Kritikaren saria, euskarazko narratibaren alorrean (1986an eta 2001ean), Literatura Kritikarien Espainiako Elkarteak ematen duen euskarazko narratiba saria (2002) eta Gipuzkoako liburu-saltzaileek urtero ematen duten Zilarrezko Euskadi saria bereganatu ditu.
Bere fruitu nagusi eta zaporetsuenetako batzuk hauek dira: Ni ez naiz hemengoa, Atabala eta euria, Hau da ene ondasun guzia, Lagun izoztua, Narrazioak, Ifar aldeko orduak, Ez gara geure baitakoak eta Han izanik hona naiz.
Gainera, T.S. Elliot olerkari eta antzerkigile angloamerikarraren poemen euskarazko itzultzaile nagusia da.
Mikel Laboak, Imanolek berak eta beste hainbat musikarik Sarrionandiaren olerkiak musikatu zituzten.
1980. urtean, 22 urte zituela, 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Sarrionandiari, ETAko kide izatea leporatuta. Bost urte geroago, 1985eko uztailaren 7an, baina, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen, Iñaki Pikabea presoarekin batera. Imanol kantariak bertan kontzertua eman ostean, bozgorailuetako batean ezkutatuta egin zuen ihes. Egun, ez du zorrik Espainiako justiziarekin.