Itxi

kultura

Elkarrizketa

"Hitzarekin bestea hiltzera joatea da 'Maitasunaren itxiera'ko premisetako bat"

Natxo Velez | EITB Media

Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy aktoreek “Maitasunaren itxiera” Pascal Ramberten antzezlan gordina estreinatuko dute Arriagan, apirilaren 29an. Lantzen ari direla hitz egin dugu beraiekin.

  • "Maitasunaren itxiera"

    Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy, "Maitasunaren itxiera"ko aktoreak

Gudu bat da “Maitasunaren itxiera” Pascal Rambertek (Niza, 1962) idatzitako antzezlana, banatzear dauden gizon eta emakume biren arteko hitzezko borroka amorratua.

Espazio eszeniko zuri eta hutsaren ertz batean, gizona dago, Eneko (aktoreen izen bera hartzen dute pertsonaiek). Gatibu ikusten du bere burua bikotearen barruan, sare batek inguratuta, eta “hau bukatu da” esanez bakarrizketa abiatzen duenetik, trumilka ahoratuko ditu bere begietara mausoleo bihurtu den harremanetik urruntzeko berbak. Elkarri taigabe josiko dizkio maitatu dugunaren gaineko ezaguera sakonak soilik zorrotz dezakeen mailan zorroztutako hitz samingarriak. Enekok harresi bat eraiki nahi du berbaren bidez, oroz gain, bion mundua izan zenaren eta orain beretzat bakarrik eraiki nahi duenaren artean, bere burua gudu zelai likits eta odoldutik onik ateratze aldera.

Maitasuna gorpua da honezkero, Enekoren hitzetan, eta Mirenek, bikotekideak, “berorren azala jantzi du”. Gizonaren kalaka mingarri atergabea entzun berri du, tarteka minaren ausikiak muin-muinean jota, baina txanda hartuko du jarraian. Ez dio gizonari beste barik alde egiten utziko, epelak entzun eta gero.

Mirenek ez du baioneta borrokarik egingo jada ezagutzen ez duen bikotekidearen kontra, baina ez da isilik geldituko, nolanahi den; ez du aldebakartasunik onartuko, “ez nagoelako ados”. Etsipenetik hitz egingo dio, gizatasunez, aurrean duen pertsona honezkero arrotzari, “maitasunari itzuri egin dion desertore ziztrinari”.

Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoyrekin, “Maitasunaren itxiera”ko Miren eta Enekorena egiten duten aktoreekin, batu gara, entseguetan murgilduta daudela, testu anker eta errukigabe baina eder honetaz eta berori taularatzeko lanaz hitz egiteko.

Nola aurkitu zenuten testu hau eta zergatik erabaki zenuten euskarara ekartzea? Nolakoa izan da gaur arteko prozesua?

Miren Gaztañaga: Eneko eta biok Teatro Kamikaze Madrilgo konpainiaren “La clausura del amor” ikustera joan ginen, eta esperientzia oso potentea izan zen: obra asko gustatu zitzaigun eta “ze ederra izango zen hau egitea!” pentsatzen irten ginen.

Batzuetan gertatzen da; hazi modukoak gelditzen zaizkizu barruan, zure lanarekin lotuta. “Noizbait hau euskaraz egingo bagenu…” pentsatzen gelditzen zara. Baina orduan horretan gelditu zen ametsa.

Halako batean, baina, Andoni Olivares Arriaga programazio zuzendariarekin hizketan ari nintzela —Kamikazeren lana zeinen ona zen, Pascal Rambert idazlearen abilezia…—, berriz irten zen esaldi hura: “Imajinatzen duzu Enekok eta biok hau egingo bagenu euskaraz?”.

Eta klik bat egon zen orduan. Posible ikusi zuen, eta Pascalekin harremanetan jarri zen… Enekori kontua aurrera zihoala esan nion, eta orduan hasi ginen beldurtzen (kar-kar). Ametsa errealitate bihurtzen denean, izua agertzen da, baina gogoa ere bai.

Eneko Sagardoy: Hainbesterainokoa zen gogoa, Pascalen baietza jaso barik ere hasi nintzen testua itzultzen. Eta gerora jakin dugu hori izan zela berak baietz esateko klabeetako bat, itzulpena hasita egotea.

Pascalek urtean hizkuntza batean egiten du “Clôture de l’amour” munduan, eta esaten du, euskarazko hau aukeratzeko orduan, asko gustatu zitzaiola aktoreetako batek itzuli izana. Interesa piztu zion horrek. 

Hizkuntza da antzezlanaren ardatz erabatekoa. Hizkera oso-oso zehatza erabiltzen dute pertsonaiek, arma gisa erabili ere. Nola landu duzue testuaren egokitzapena?

Eneko: Bi bertsio izan ditut aurrean, frantsesezkoa eta gaztelaniazkoa.

Rambertek berak esana da, gainera, asko maite duela jatorrizko bere testuaren gaztelaniazko bertsioa…

Eneko: Bai, Coto Adanez gaztelaniarako itzultzailearekin ere hitz egin nuen, gauza klabe batzuk galdetzeko, baina esan behar dut hor beharrezkoa eta oso aberasgarria izan dela Danele Sarriugarteren ikuspuntua (testua itzultzen eta egokitzen lagundu du idazle eta itzultzaileak), frantsesetik hainbat esamolde ekarri dituelako, adibidez.

Ni, kasualitatez, frantsesa ikasten nenbilen, itzultzen hasi nintzenean, eta niretzat ere ariketa moduko bat izan da lana. Baina egia da gaztelaniazko itzulpena zoragarria dela.

Dena dela, esan behar dut ez zaidala oso zaila izan. Oso ezaguna egiten zitzaidan idazkera, nolabait, eta oso hurbileko sentitzen dut. Supergozagarria izan da itzulpen lana. 

Zein eskubide aitortu diozue zeuen buruari jatorrizko testutik urruntzeko?

Eneko: Itzulpenean sormena zer garrantzitsua den konturatu naiz. Testuak ez du puntuazio markarik, eta horrek eragina dauka euskarara ekartzeko orduan, euskararen egituragatik beragatik: aditza non jarri… Beraz, bi erabaki prozesu egon dira: lehenengoa, zelan itzuli; bestea, aktoreok zelan jokatu.

Puntuaziorik ez dagoenez, aktore moduan hartu ditugun erabakien arabera esaldi batzuk modu batean edo bestean uler daitezke. Baina hain testu indartsua da, hain erritmiko eta estetikoa, hori bizirik mantentzea izan dela garrantzitsuena. Eta uste dut lortu egin dugula hori. 

Miren: Hautuak egin behar dira, batera edo bestera egin.

Eneko: Urrian, Pascal etorri zen, eta irakurraldi bat egin genuen mahaiaren bueltan, Lucia Astigarraga zuzendari laguntzailearekin. Hortik, testuaren beste bertsio bat egin ahal izan genuen, berak egindako ekarpenekin eta argitutako zalantzekin. 

Miren: Bai. Berak, dena dela, oso zabalik uzten du guztia. Testuingurua ematen dizu, gertakizun pertsonal batetik abiatu baitzen testu hau idazteko: harreman baten amaieran zegoen, eta hori islatu zuen.

Beraz, guri heldulekuak eman zizkigun, hori guztia ulertzeko, baina gure organikotasunetik garatzen utzi digu.

Eneko: Gainera, aktorea ere bada, Pascal, eta hori oso lagungarria da. 

Interpretazioari helduta, nola dinamizatzen da intentsitatea horrelako testu batean, haren indarrak, trinkotasunak eta pisuak zanpa ez zaitzan?

Eneko: Nire kasuan, oso argi neukan errezo baten moduan ikasi nahi nuela lehenago. Oso bizkor botatzeko gai izan nahi nuen, lasaitasun hori izateko.

Gero, krak bat etorri da; atzo bertan sentitu nuen nik, zuzendari laguntzailearekin testua pasatzen ari nintzela. Haserrea, garrasiak, dosifikatzen hasten zara halako batean, ze egia da testuaren indar eta musikaltasunak eraman zaitzaketela biziatzera, dena bizkor-bizkor esatera, garrantzia kentzera eta testuaren gainetik puntetan ibiltzera.

Nik uste orain oso prozesu polita dugula aurretik. Testua badakigu, fisikoki ikasteko gai izan gara, eta orain erabakiak hartzea tokatzen da. Noiz deskubritzen duen pertsonaiak testua, noiz dakarren pentsatuta eta ñabardura horiek guztiak: ikasitakoa desikastea, nolabait.

Miren: Bai. Aurrekoan Luciak esan zidan: “Miren, esateko beharra daukazulako esan esateko duzun guztia”. Hori da orain egiten ari garena.

Gainera, proiektu hau berezia izaten ari da, hilabete asko daramatzagulako testua lantzen. Denbora asko izan dugu. Hori ez da ohikoa, eta plazera berreskuratzeko aukera ematen dizu.

Ikastea aktore baten lanik aspergarriena izaten da, eta oraingoan kontzientzia askorekin bizi izan dugu. Poliki-poliki joan gara hurbiltzen automatismo batera, hitzak zehatz-mehatz errespetatzera eta gero errespetu hori askatu egin behar duzula konturatzera. Beste prozesu azkarragoetan, hori galtzen duzu, baina oraingoan zoragarria izan da.

Ikusle-irakurleoi testura joaten zaigu arreta, baina lan honetan ez du erraza ematen eszenan entzulearena egiteak. Nola landu duzue interpretazioaren alderdi hori?

Miren: Orain hasiko gara horrekin. Orain arte, energia izugarria jarri diogu norbera berean sendo egoteari, agian lan honek ematen duen bertigoagatik. Orain, behin gurea geureganatuta, besteari zabaltzen hasiko gara.

Nik beldur handia nion momentu honi, baina, Azala espazioan entseatzeko egonaldia egin genuenean, beldurrak uxatu nituen, bera (Eneko) aurrean egonda, gauzak bere intentsitate handiarekin esaten, ikusi nuelako hori zela nire heldulekua. Entzute aktibo horretan, sostengatzen zaituen zerbait dago.

Eneko: Esango nuke antzezlan honek ez duela tranparik onartzen. Kuriosoa da, baina bi monologo ikastea bezalako zerbait da, bata hitzezkoa eta bestea entzumenezkoa, entzumenezko horretan ere oinak baitaude: berak “ez egin negar” esaten badu, zu negarrez egon behar zara eta hori ikasi egin behar da.

"Bi monologo ikastea bezalako zerbait izan da"

Gainera, oholtzan, entzulea lehen terminoan dago, nahiz eta erdi bizkarrez egon. Eta nik, antzezlana aurretik ikusi dudanean, asko disfrutatu izan dut entzulearen interpretazioa. Ondo entzuten duten oso aktore gutxi daude, fokua hitzetan jartzen dugulako beti.

Kasu honetan, lortu behar dugu -eta lortuko dugu!- ikusle batek erabakiko balu arreta entzulearengan bakarrik jartzea, hor zerbait pasatzen egotea denbora osoan.

Miren: Hori zirraragarria da. Guretzat, entrenamendu erraldoi bat. Antzezlanetan, askotan, mila jarraibide izaten dituzu: hemen altxatu, hor bideoa sartzen da… Hau, berriz, oso performatiboa da: hasi eta buka hor gaude, eta zuzenekoaren izaera oso nabarmena du.

Testua eta espazioa mugatuta daude, baina erabat biluzik egongo gara, gertatzen denari zabalik. Rock-and-roll hutsa izango da! Performancea eta rock-and-rolla! Eta, aktore gisa, erronka da biluztasun horretaz gozatzea.

Eneko: Nahiz eta testu piloa eduki, Pascalek esaten du beretzat dantza pieza bat dela “Maitasunaren itxiera”. Eta zentzu batean, ulertzen dut. Hitzek bestea eta norbera suntsitzen dituzte, eta prozesu hori emozioan ez ezik gorputzean ere ikusi behar da.

Eneko Sagardoy, Pascal Rambert zuzendaria eta Miren Gaztañaga

Gorputza, hain zuzen ere, oso presente dago testuan. Nola lantzen da aktore ez garenoi arrotzago zaigun arlo hori? Nola laguntzen da hitza gorputzarekin?

Miren: Bakoitzak bere teknika du hor. Nik jarrera kontua dela uste dut: lan egiteko orduan non kokatzen zaren zehaztu, eta hitzari utzi zure barruan, zure gorputzean, erreberberatzen. “Nire gorputza hemen eta orain dago, esaten ari naizenarekin bat”, esatea da.

Eneko: Gorputza testuan jartzen baduzu, beti da errazagoa. Hitza ez da hutsune batetik irteten, hitza gorputz batetik irteten da. Eta horretan konfiantza edukitzea inportantea da.

"Hitza ez da hutsune batetik irteten, hitza gorputz batetik irteten da"

Minetik abiatzen dira bi bakarrizketok, baina gizonak dena erre nahi du eta emakumearen solasaldiak gehiago du gizatasunetik; dena erreta ere, errautsei begiratzen die kasu honetan Mirenek. Zuen ikuspegitik, obrak uzten al du errautsik ikuslearen esku edo dena irensten duen garra da eta hutsunea besterik ez du uzten, bukatutakoan?

Eneko: Ez dakit, bai bata eta bai bestea. Pascalek eman zigun premisetako bat hitzarekin hiltzera joatea da. Hala da. Dena dela, nahiz eta nire bakarrizketaren testuan suntsiketa bat dagoen, azpitestuan igartzen da pertsonaiak ez duela nahi, pena ematen diola, baina suntsiketa modu arrazionalean egiten duela. Frogatu du jada ez dagoela ezer beren artean.

Nahiago du hitzak emozioari aurrea hartzea, eta hitz hori metrailaz kargatzen du. Zentzu horretan, bai uste dut nire pertsonaiak ez duela ezer bizirik uzteko intentziorik.

Miren: Nire pertsonaiaren kasuan, berak hori guztia jaso egiten du. Eta bizitzan ere gertatzen da: harreman batean uzten zaituztenean, gauza inozoak egiten ikusten duzu zeure burua, eusteko, mantentzeko, onartzen duzun arte ez dagoela ezer egiterik.

Une jakin batean pertsonaiak esaten du: “Hau izan da nire azken ahultasuna, jarraitzera noa”. Hor jada beste puntu batera pasatzen da, eta hainbat aldartetatik igarotzen da, baina jakin badaki harremanetik ez dela ezer geldituko.

Eneko: Puntu horretan badauzkate negoziatu beharreko hainbat alderdi, materialak zein immaterialak. Eta hori oso polita iruditzen zait. Zer pasatzen da harreman batek uzten duen ondare ez-materialarekin?

Testuak aipatzen du, eta zoragarria iruditzen zait. Harreman batean sortzen den mintzaira, sortzen diren esamoldeak, promesak, umorea…  Horrekin zer gertatzen da? Hil egingo da edo banatu egingo dugu?

Zerbait oso polita dago hor, “gu”tik “ni”ra pasatzen direnean.

Itxaropenerako tarterik bada, orduan?

Eneko: Badago, tarteka. Azpitestuan edo agerian, badago maitasunerako lekua, aitortzarako lekua. Gertatzen dena da nire pertsonaiaren helburu nagusia hori guztia desegitea denez, arrakala txiki moduan soilik agertzen direla horiek.

Ezin da ekidin harreman luze eta intentsu baten ondoren hori guztia irtetea eta gogoratzea. Eta suntsitzeko beste modu bat ere bada, gainera: “gogorarazten dizut hau ginela, baina jada ez gara. Gure iragana presente daukat eta baloratu izan dut, horregatik aipatzen dizut, baina jada ez dago ezer”.

Publikoak erabaki behar du “jada ez” hori sinesten duen edo ez.

Miren: Bai. Eta emakumea ahaldunduta erakusten duela ere esaten du Pascalek. Fenix hegaztiaren irudi tipikoa erakusten du.

"Buztin puska handi batetik ateratako bi buztin puska txikiago gara Eneko eta biok"

Miren, nola definituko zenuke Eneko?

Miren: Oso anaia sentitzen dut, egia esan. Oso sinboliko jarrita, esango nuke buztin puska handi batetik ateratako bi buztin puska txikiago garela.

Desberdintasunak ditugu elkarrekin, baina buztin beretik gatozela sentitzen dut.

Eta zuk Eneko, nola definituko zenuke Miren?

Eneko: Guztiz ados nago. Nik beti esan dut Miren niretzat erreferentzia eta inspirazioa dela. Orain lagun bat da, noski, baina asko betetzen nauen zerbait du, eta indar handia du.

Tonu oso erasokor eta intentsua du antzezlanak, eta beste hizkuntza batzuetan egin duten aktoreek inoiz egin duten antzezlanik gogorrena izan dela esan dute. Nola egiten dio aurre aktore batek erronka horri? Zer eragin izaten ari da lan hau zuengan pertsona gisa?

Eneko: Testua irakurtzeak eta ezagutzeak min horretara hurbiltzen lagundu dit. Baina, bestalde, nik maxima bat daukat beti bizitzan, eta lanean disfrutatu behar dudala da, esaten dudana esaten dudala eta istorioa den modukoa dela. Beti, beti eta beti. Ezin dut lanik egin, sufritzen banago.

Hori da ondoen pasatzen dudan modua, eta ez dugu ahaztu behar ordu asko pasatzen ditugula fikzioan bizitzen. Bada, nik nahi dut ordu horiek gozamena izatea. Lana da, diziplina da, baina ez dut sufritu nahi, ez harremanetan ez artean. Ez behar baino gehiago, behintzat.

Hiltzailea banaiz asko disfrutatuko dut, eta hiltzen banaute asko disfrutatuko dut.

Miren: Batzuetan lortzen da eta beste batzuetan gehiago kostatzen da, baina niri oraingoan ez zait horren gogorra egiten ari. Esan ziguten oso lan gogorra izango zela, geure burua zaintzeko aholkatu ziguten… Eta ni, orain arte behintzat, ez naiz gogortasun horretatik bizitzen ari, kontrakoa baizik; plazerarekin konektatu dugu.

Beldurrak eta urduritasuna hor daude, baina bestelakorik ez.

19:3

Zer opa diozue antzezlanari? Zer lortzeko egin duzue “Maitasunaren itxiera”?

Eneko: Oso pragmatiko jarrita esango nuke, lehenengo aldiz, bai eduki dudala sentsazioa emanaldirik irten izan ez balira niretzat desilusio handia izango zela, sartutako ordu guztiengatik.

Zorionez, irten egin dira. Uda aurretik Arriagan, Durangon eta Hondarribian egongo gara, eta uda ostean emanaldi dezente daude hitzartuta, Euskal Herri osoan gainera.

Eta gero, batez ere maitasunak denok ukitzen gaituela jakinda, hunkitzen nau pentsatzeak antzezlanak imajinatzen ez ditugun oihartzunak izango dituela ikusleengan. Aspaldi nengoen obra garaikide bat egin gabe, eta uste dut batzuentzat askatzailea eta beste batzuentzat oso deserosoa eta mingarria izango dela.

Eta botere hori daukagula sentitzeak indarra ematen dit.

Miren: Niri, eremu pertsonalagotik, kuriosoa iruditu zait Enekok eta biok bere garaian “Heriotza bikoitza” prozesua partekatu genuela eta orain sentitzen dudala hau gure hurrengo lana dela. Nahiz eta Arriagaren ekoizpena izan, guregandik jaiotako zerbait denez, oso geure sentitzen dut.

Gure bide komunean, hurrengo pausoa da “Maitasunaren itxiera”. Eta, aktore bezala, geure buruari kristoren oparia eman diogula iruditzen zait, nahiz eta amildegi erraldoia daukagun aurrean. Gimnasio erraldoi bat eraiki dugu gure formakuntzarako, bai aktore bezala bai pertsona bezala hazteko.

Oso autodidaktak gara biok, lanean ikastitakoak zorionez, eta geure burua lanak probokatzen, sortzen, ikusten dugu askotan, garatzen jarraitu ahal izateko. 

*"Maitasunaren itxiera"

Apirilak 29 eta 30 eta maiatzak 1. Arriaga antzokia (Bilbo)

Maiatzak 8 eta 9 . San Agustin Kulturgunea (Durango)

Maiatzak 15. Hondarribia