Itxi

kultura

Elkarrizketa

Amancay Gaztañaga: 'Pertsonala politikoa da, eta oso garbi geratzen da obra honetan'

Natxo Velez | EITB Media

Huts Teatroak eta Artedramak “Atzerrian lurra garratz” antzezlana estreinatuko dute ostiralean, hilak 12, Oñatin. Laura Penagos eta Ander Lipus aktoreek eta Amancay Gaztañaga zuzendariak ondu dute.

  • Amancay Gaztañaga

    Amancay Gaztañaga, "Atzerrian lurra garratz" antzezlanaren zuzendaria

Zaila da, egungo munduan, artista izatea; zaila da emakumezkoa izatea; eta zaila da, halaber, aukera bila sorterria utzi zuen pertsona bat izatea. Bada, egungo gizarteak (hots, guk) ezartzen dituen zailtasun gehigarri horiei egin behar izan die aurre Laura Penagos kolonbiar jatorriko aktore euskaldunak, eta bere harat-honata da, hain zuzen ere, “Atzerrian lurra garratz” antzezlanaren ernamuina.

Duela hamaika urte iritsi zenetik euskal arte sorkuntzan bere lekua bilatzen ari den kolonbiar antzezlearen bizipen eta kezka pertsonalak gizarteratu, kolektibizatu, egin dituzte, denoi dagozkigunez, Laura Penagosek berak, Ander Lipusek eta Amancay Gaztañagak oholtzaren gainean, herri eta deserriaz, emakume sortzaileen egoeraz, migrazioaz, zaintzaz, kolonizazioaz eta arrazismoaz diharduen lan honetan.

Gaztañagarekin solastatu gara, otsailaren 12an Oñatin aurkeztu eta gero Euskal Herrian barrena hainbat hilabetez ibiliko den obraz.

Nola eduki zenuen proiektuaren berri eta zerk piztu zizun berorretan murgiltzeko ilusioa?

Anderrek komentatu zidan Laura Penagosek bere bizitzari buruzko idatzi batzuk zeuzkala; oraindik ez zegoen ezer eraikita, baina bazegoen Kolonbian atzerriratua izan den Euskal Herriko emakume bati buruzko istorio bat kontatzeko gogoa.

Nik lehendik neukan atzerriratuei buruz hitz egiteko gogoa, eta, neu ere Ekuadorren jaioa naizenez, Hego Ameriketako tematikak pertsonalki ukitzen nau. Horregatik, asko erakarri ninduen proiektuak.

Zein izan zen antzezlanaren protagonistaren ahotsa eraikitzen eta bideratzen parte hartzera bultzatu zintuen bulkada edo arrazoibidea? Zerk uxatu zituen besteri buruz idazteko zilegitasuna?

Kasu honetan, Laura Penagos bera lantaldean egoteak eta prozesu osoa berarekin batera egin ahal izateak. Ni neu, neure kabuz, ez nintzateke inondik inora ausartuko horrelako istorio bat kontatzera, benetan horrelako zerbait bizi duen pertsona bat ekipoan ez balego.

Laura edukitzeak, berarekin batera sortu izanak, eman dit zilegitasun hori, kasu honetan.

Eta gero, nahiz eta guk ez dugun Kolonbiako bizitza bizi eta ez dugun atzerriratu behar izan, obran dauden hainbat eta hainbat gauza bai bizi izan ditugu. Eta alde horretatik ere badago guretik asko, lan honetan.

Ander Lipus, Laura Penagos eta Amancay Gaztañaga

Lauraren berri eduki ez izanak, sare kultural eta artistikoetan tokirik aurkitu ez izanak, ikuspegi feminista eta aurrerakoitik ezinegona sortu zizula esana duzu. Zergatik gertatu da hori eta zer egin daiteke hori aldatzeko?

Pixkanaka, denarekin bezala, tokia utzi behar zaiela uste dut. Beste ahots batzuk entzun daitezen, zuk alde batera egin behar duzu. Nik hori, emakume bezala, badakit. Asko pairatu dut gizonek beren pribilegioetatik uzten ez dizkizuten tokiak errekuperatu beharra.

Kasu honetan, haratago doan zerbait da, Kolonbiatik atzerriratu behar izan zuen norbaiti buruz ari baikara.

Ez zait “migrante” hitza gustatzen. Noiz arte da pertsona bat migrante? Laura hamar urte bizi izan da hemen, baina Euskal Herriko bizilaguna da, une jakin batean migratu zuena. Gertatzen dena da batzuetan nahiko talibanak garela hizkuntzarekin; asko kostatzen zaigu bati hitza ematea euskara superondo egiten ez badu, euskara purua ez badu.

Kasu honetan, uste dut hori albo batera utzi beharko genukeela. Badira euskara “bikain” hitz egin gabe ere beren istorioak gure hizkuntzan (eta beraienean) ondo baino hobeto konta ditzaketen pertsonak.

Laura Penagos eta Ander Lipusekin lankidetza estuan sortu duzu “Atzerrian lurra garratz”. Zer eman dio zuetako bakoitzak azken emaitzari?

Hirurok sortu dugu, bai. Anderrek eta biok idatzi dugu, eta Laurak bere bizipena ekarri digu. Anderrek antzerkigintzako bere esperientzia ekarri digu, eta nik, azkenean, horri guztiari forma eman diot kanpotik.

Laura Penagosen bizi esperientzia osatzeko, “dokumental, musika, liburu eta iritzi artikuluak” partekatu zenituzten sortzaileok. Zer material izan zen hori?

Erreferentzia pila bat erabili ditugu. Prozesuaren hasieran batik bat, funtsezkoak dira. Kolonbiako egoera politikoaren inguruko dokumental asko ikusi ditugu, Kolonbiako jatorrizko herritarren (muixkak) eta gaur egun ia desagerrarazita dagoen horien hizkuntzaren ingurukoak… Kolonbiatik alde egin behar izan zuten eta gaur egun Euskal Herrian bizi diren pertsonekin hitz egin dugu… Dokumentazio lana oso handia izan da.

Eta nola mozten da gai batean sakonago murgiltzeko harra, egoera horretan?

Momentu batean, lana forma hartzen hasten da, eta une oro jarraitzen duzu ikasten, musikarekin sartzen zarela adibidez. Ez da inoiz amaitzen. Zure zerbait dago jada hor, eta ez da posible horri, kasu honetan Kolonbian gertatzen denari, adi ez egotea.

Miren Amurizak lagundu dizue testua burutzen. Zelakoa izan da harekin egindako elkarlana?

Mirenena orrazketa lana izan da, eta zoragarria delako aukeratu genuen. Gainera, oso argi genuen lantaldeko kide gehienok emakumeak izan behar ginela. Protagonista emakume bat izanik, benetako bizitza eman nahi genion pertsonaia femenino horri.

Gaur egun ez da gauza erraza hori, fikzioen % 80 gizonezkoen burutik irteten dira. Horregatik, prozesu sakon bat egin dugu pertsonaia femenino indartsu eta hauskorra sortzeko. Eta hor ere asko lagundu digu Mirenek bere iritziarekin.

Bira oparoa du aurretik antzezlanak. Nolakoa da egungo egoeran, pandemia betean, antzeztea?

Bada, ez nuke “beldur” hitza erabili nahi, baina erabili beharko dut. Azkenean, beti egongo gara atzamarrak gurutzatuta, ez dakigulako zer gertatuko den. Dena alda daiteke egunetik egunera.

Baina egunerokotasunean bizi behar da, ahal den saio guztiekin. Eta irten daitezela gehiago.

Nork ikusi beharko luke “Atzerrian lurra garratz”? Zer emozio eta hausnarketa helarazi nahi izan dizkiezue ikusleei?

Antzezlan hau publiko osoarentzat da. Hausnarketena oso pertsonala da, baina obrak geruza asko dauzka, eta horregatik da aberatsa. Jende oso ezberdinak egin dezake bat geruza ezberdinekin: alde familiarra, identitateaz hitz egiten duena, heredatzen dugun hori albo batera uzteko aukeraz diharduena; politikoagoa; sorkuntzaren, prekarietatearen eta 40 urteko emakume sortzaile baten bizitzari buruz ari dena…

Jende oso ezberdinak konekta dezake puntu oso ezberdinekin.

Horrek istorio jakin batetik konexio kolektiboetara iristeko ahalmena erakusten du…

Azkenean, pertsonala politikoa da, eta hori oso garbi geratzen da antzezlan honetan.