kultura
Uruguay
Igor Yebra dantzaria Montevideoko Ohorezko Hiritar izendatu dute
Agentziak | Erredakzioa
2018ko otsailean heldu zen bertara, Julio Bocca argentinarra Sodre Ballet Nazionalean ordeztera, eta abendura arte egongo da bertan lanean.
Igor Yebra (Bilbo, 1974) euskal koreografo eta dantzaria eta Sodre Ballet Nazionaleko zuzendaria Montevideoko Ohorezko Hiritar izendatu dute astelehenean, Uruguaiko hiriburuko Teatro Solís antzokian egindako ekitaldian.
Besteak beste, kultura eta politika alorreko ordezkari hauek bildu ziren bertan: Carolina Cosse (Montevideoko intendentea, berak eman zion golardoa euskal artistari), Marina Wainstein (Uruguaiko Kultura zuzendaria) eta José Javier Gómez-Llera y García-Nava (Espainiako enbaxadorea Uruguain).
Dantzariaren ibilbide artistikoaren omenezko ikus-entzunezko bat proiektatu ostean, saria jaso zuen, eta “Eskerrik asko!” izan ziren hunkituta egin zituen lehen hitzak.
“Hiru urte hauek oso bizkorrak izan dira, lan handikoak, eta hiri batek hau ematea hunkigarria da oso. Ez dago hitzik azaltzeko zer sentitzen den batek lana publikoarengan pentsatuta egiten duenean”, esan du, EFEk zabaldutako elkarrizketa batean.
14 urte zituenetik da dantzari profesionala, eta nazioarteko hainbat konpainiatan aritu da lanean, Australian Balletean, Kubako Ballet Nazionalean, La Scala Milango konpainian eta Kremlin Balletean, besteak beste, eta 2006an akademia bat sortu zuen bere jaioterrian.
Pandemiak baldintzatutako agurra
2018ko otsailean heldu zen Yebra Montevideora Julio Bocca argentinarra zuzendari lanetan ordeztera, eta abenduan amaituko du Sodre Ballet Nazionalean. “Erronka etengabea izan da eta asko ikasi dut” bai pertsona moduan bai maila profesionalean, esan du bertan egindako lanaz galdetuta.
Azken egunak ditu han, eta, adierazi duenaren arabera, lanean zentraturik dabil, baina “unerik gogorrena” azken egunean iritsiko dela uste du.
“Horixe da pandemiaren irakatsia; ezin dela etorkizunera begira planik egin eta gauzak erraz etortzen direla pentsatu. Aitzitik, unean unekoa bizi eta gozatu behar dugu, eta ikusiko dugu bihar edo etzi zer datorkigun”, esan du.
Bilbotarrak nabarmendu duenez, ez du Uruguaira bueltatzea baztertzen: “Erronkak eta proiektuak onak badira, zergatik ez?”.
Mario Benedettiren eleberri ezagunenetako bat moldatu berri du bilbotarrak, “La Tregua”, Uruguaiko idazlea jaio zela 100 urte bete direnean, eta lan hori karteldegian dagoenean omendu dute bera ere.
Uruguaiko balleta zuzentzen egin dituen ia hiru urteetan zehar, hainbat obra interpretatu ditu, “El Corsario”, “On egin” edota “El Quijote del Plata”, esaterako. Azken horrekin, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du Sodre Ballet Nazionalarekin batera, eta ekarpen garrantzitsua izan da Montevideorentzat, mundu osoan Cervantes omendu duten lau hirietako bat izan baita (Espainiako Alcala de Henares, Argentinako Azul eta Mexikoko Guanajuato izan dira beste hirurak).
2020an, COVID-19aren pandemian murgilduta, klase birtualen bidez jarraitu du ballet egiten, eta osasun-protokoloak onartutakoan, talde murriztuekin eta publikorik gabe lan eginez.
Horrela, irailaren erdialdean, Sodre Ballet Nazionalak publikoaren aurrean antzeztu zuen berriz ere, balleteko gala handi batean.