Itxi

kultura

AZAROAK 17

Jarraitu zuzenean eitb.eus-en 2020ko Klasikoen Irakurraldia

EITB.EUS

Azaroaren 17an, 08:00etatik 14:00etara, Mariasun Landaren 'Ipuin hautatuak' ipuin bildumaren irakurketa etengabea egingo dute Arriaga antzokian, Bilbon.

  • 2020ko Klasikoen Irakurraldiaren kartela.

    2020ko Klasikoen Irakurraldiaren kartela. Argazkia: Bilbo Zaharra euskaltegia

200 bat pertsonak jarriko diote ahotsa hurrengo asteartean, azaroaren 17an, 08:00etatik 14:00etara, Mariasun Landaren 'Ipuin hautatuak' ipuin bildumari. Urtero legez, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Bilbo Zaharra euskaltegiak Arriaga Antzokian antolatutako ekitaldia.

Aurtengoa, Klasikoen Irakurraldiaren hamahirugarren edizioa da, eta haur eta gazte literatura omentzeko helburua du. Horretarako, Mariasun Landak idatzitako narraziorik ezagunenetako batzuk hartu eta bilduma bat osatu da propio irakurketarako.

08:00etan hasiko da ekimena. Mariasun Landak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak, eta, ondoren, beste 200 bat pertsonak eta 50 euskal etxek hartuko dute hitza etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean: unibertsitateko, komunikabideetako eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak; kultur eta gizarte eragileak; ikasle eta irakasleak...

Haur literaturaz ari garenez, aurtengo berezitasun bat umeen parte-hartzea izango da. Pandemiaren baldintzak direla eta, parte-hartze hori ikus-entzunezkoen bidez egingo da, munduko euskal etxeetako euskarazko ikasleekin egiten den bezala, eta haurrak pantailan agertuko dira pasarteak irakurtzen.

Normalean, ekainean egiten da ekitaldia, Euskara Ikasleen Jaiaren barruan, ikasturteari amaiera emateko. Pandemiaren ondorioz, baina, ekaineko ekimena bertan behera geratu zen, eta orain egingo dute, formatu txikiagoan.