kultura
Dazz Jazz jaialdia
Dazz Jazz jaialdiak bost kontzertu eskainiko ditu Gasteizen, uztailaren 10tik 14ra
eitb.eus
Raynald Colom Trio, The Cuban Jazz Syndicate Fate, Felix Rossy & Toni Saigi dira jaialdian parte hartuko duten taldeetako batzuk.
-
Kontzertuak Vital Fundazioa Kulturunean izango dira, 20:00etan. Irudia: EiTB.
Dazz Jazz jaialdiak bost kontzertu eskainiko ditu Gasteizen, uztailaren 10tik 14ra. Ekitaldia Dazz klubak antolatu du, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.
Ekimenaren aurkezpenean izan dira Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Canto, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua eta Beñat Lasagabaster jaialdiaren antolatzailea.
Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak antolatzaileen ahalegin handia nabarmendu du. “Hilabete zailak bizitzen ari gara, zailak guztiontzat. Gasteizko eragile kulturalekin aritu gara lanean, euren jarduerari berriro ekiteko laguntza eskainiz. Beraz, Dazz Jazz jaialdia babestea erabaki dugu, zeinak kalitate handieneko musikaz beteko baitu Vital Fundazioa Kulturunea”.
Ekitaldia uztailaren 10ean hasiko da, Raynald Colom Trio hirukotearekin, Raynald Colom (tronpeta), Gonzalo del Val (bateria) eta Jordi Gaspar (kontrabaxua) arituko direlarik. Larunbatean Roman Filiu Trio izango da taula gainean: Roman Filiu saxoan, Ivan ‘Melon’ Lewis pianoan eta Javier Moreno kontrabaxuan. Jaialdiaren hirugarren saioan, The Cuban Jazz Syndicate Fate arituko da, Pepe Rivero (pianoa), Miryam Latrece (ahotsa), Carlitos Sarduy (tronpeta), Ariel Bringuez (saxoa), Yarel Hernandez (baxua) eta Michael Olivera (bateria eta ahotsa) musikariekin.
Uztailaren 13an, Felix Rossy & Toni Saigi bikotea izango dira: Felix Rossy tronpeta jotzen eta Toni Saigi pianoan. Jaialdiko azken kontzertua asteartean izango da, eta Pacheco & Sempere & Regidor hirukotea arduratuko da horretaz. Roberto Pacheco (tronboia eta ahotsa), Miguel Sempere (baxua) eta Luis Regidor (gitarra eta ahotsa) arituko dira.
Kontzertuak Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba, Bake kalea 5, 1. solairua, Gasteiz) izango dira, 20:00etan. Sarrerak 5 euroan erosi daitezke Dazz klubean (Aiztogile kalea 60, Gasteiz).