kultura
Heriotza
Ennio Morricone musikagilea hil da, 91 urte zituela
eitb.eus
500 film eta telesail baino gehiagoko soinu-banda konposatzeagatik zen ezaguna Morricone. 2006an ohorezko Oscar saria jaso zuen eta 2016an soinu-banda onenaren Oscar saria irabazi zuen.
-
Ennio Morricone musikagilea hil da, 91 urte zituela
Ennio Morricone musikagile italiarra hil da astelehen honetan, 91 urte zituela. Erromako klinika batean zendu da, duela egun batzuk izandako eroriko baten ondorioz, Italiako hedabideek aurreratu dutenez.
Morricone (Erroma, 1928) goizaldean hil da Erromako Campus Bio-medico klinikan. Duela egun batzuk, erori eta femurra hautsi zuen.
500 film eta telesail baino gehiagoko soinu-banda konposatzeagatik zen ezaguna Morricone. 2006an ohorezko Oscar saria jaso zuen eta 2016an soinu-banda onenaren Oscar saria irabazi zuen The Hateful Eight filmagatik.
The Mission, The Untouchables eta Novecento bezalako filmetako soinu-banda ezagunen egileak 2020ko Arteen Asturiasko Printzesa saria irabazi zuen ekainean, John Williams musikagilearekin batera, "bere talentuarekin ehunka film aberasteagatik". Urrian jaso behar zuten saria.
Haren familiak hileta-elizkizun pribatua egingo du, "bere bizitzako ekintzek beti inspiratu duten umiltasun sentimendua errespetuz", Giorgio Assumma konpositorearen familiaren abokatuak jakinarazi duenez.
Assummaren hitzetan, musikagileak "argitasun eta duintasun handia izan du azken unera arte. Asko maite zuen Maria emaztea agurtu du. Une oro lagun izan du bere bizitza pertsonalean eta profesionalean, eta azken unera arte egon da haren ondoan, eta seme-alabei eta bilobei eskerrak eman dizkie eskaini dizkioten maitasun eta arretagatik".
Halaber, "entzuleak ere izan ditu gogoan, haien babesari esker bere sorkuntza garatzeko aukera izan baitu beti".