Itxi

kultura

Araba

Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra Eliseo Gili Iruña-Veleiako iruzurragatik

eitb.eus

Aurkikuntzak faltsutzeagatik eta iruzurragatik zigortu dute. Ruben Cerdani urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote, baina bietako inor ez da espetxera joango.

1:24
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarraren zuzendari ohiari bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote iruzurra eta dokumentuak faltsutzea leporatuta, eta 12.500 euro ordaindu beharko dizkio Arabako Aldundiari kalte-ordain gisa.

Gasteizko Zigor-arloko 1. zenbakiko Epaitegiko epaileak Ruben Cerdan (Gilen laguntzailea) ere zigortu du, eta urtebete eta hiru hilabeteko espetxealdia jarri dio etengabeko iruzurragatik. Prozesu judiziala horrenbeste atzeratu izana aringarria izango da bientzat, 2009an hasi baitzen.

Arabako aztarnategiko grafitoen (euskararen jatorria aurreratzen zuten) faltsutzea argitzeko epaiketan, Gilen beste kolaboratzaile bat ere zigortu zuten: Oscar Escribano. Horrek onartu egin zuen urtebeteko zigorra, "txantxa" gisa puntzoi batekin pieza batean idatzi bat egin zuela aitortu ostean.

Aurkikuntzak

2006ko ekainaren 8an hasi zen auzi luze eta korapilatsu honen lehendabiziko kapitulua. Lurmen enpresa ari zen Iruña-Veleiako arkeologia aztarnategiko indusketak egiten, eta Eliseo Gil zen enpresako administratzailea. Aipatutako egun horretan, agerraldia egin zuen Gilek hedabideen aurrean, III. mendeko kalbario bat aurkitu zutela jakinarazteko, eta, handik astebetera, euskarazko inoizko inskripzio zaharrenak (III. eta VI. mende artekoak) agertu zirela esan zuen. Aurkikuntza historikotzat jo zituzten berehala, egiazkoak izatera III. mendera arte aurreratuko zituelako euskararen eta kristautasunaren aurreneko aztarnak

Ordura arteko teoriak astinduko zituzten pieza arkeologiko haien sinesgarritasunak, baina, gutxi iraun zuen. Joaquin Gorrotxategi filologoa, aurkikuntzen berri emateko Gilek alboan izan zuen adituetako bat, euskarazko inskripzioen gaineko zalantzak agertzen hasi zen publikoki.

Aurkikuntzen inguruko errezeloak argitzeko, Arabako Foru Aldundiak 26 adituk osatutako batzorde zientifiko bat jarri zuen abian berehala. Hizkuntza, arkeologia, historia eta kimika alorretako adituak zeuden talde horretan, eta Gilek eta taldekideek esandakoa faltsua zela esan zuten 2008ko azaroan; alegia, aurkitutako piezak manipulatu egin zituztela ondorioztatu zuten batzordekideek.

Gilen taldeak Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako 476 piezak manipulatuta zeuden, Fiskalaren arabera

Fiskalaren txostenaren arabera, Gilen taldeak 2005 eta 2006 bitartean Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako 476 piezak manipulatuta zeuden, ez zegokien "balio historiko, kultural eta erlijioso bat emateko helburuarekin". Besteak beste, idatzi horren arabera, "arrasto faltsuak" egin zizkieten aurkitutako piezei, eta "atzera-bueltarik ez duen kaltea" eragin zioten aurkikuntzak berez zuen balioari. 

Aurkikuntzak, "benetakoak"

Otsailaren 3an abiatutako epaiketaren atarian, aurkikuntzak benetakoak zirela berrestera atera zen berriro Iruña-Veleia Argitu plataforma, eta "epaiketa ez zen sekula egin behar" esan zuen, eztabaida zientifikoa zigor auzitegira eramatea erabaki okerra zela nabarmenduz.

Plataformako kideen esanetan, grafitoak faltsuak edo egiazkoak ziren argi uzten ez zuen txosten batean oinarritu zen Aldundia kereila jartzeko.