kultura
Koronabirusa
Zuzeneko arteen ordezkariek neurri zehatzak eskatu dituzte sektorea suspertzeko
eitb.eus
“Berriz lan egin nahi duen eta lan egin behar duen sektore bat” martxan jartzeko, edukieren, distantzien eta segurtasun neurrien inguruko informazioa eskatu dute musikari, aktore eta beste eragileek.
-
Sektorea berrabiatzeko neurriak eskatzen dituzte eragileek. Argazkia: Bilboko Udala.
Zuzeneko arteen sektorearen ordezkariek beren jarduera pixkanaka normaltzea eta zuzeneko ekitaldiak estigmatizatzeari uztea eskatu du gaur, covid-19aren ausikiak egoera tamalgarrian utzi dituela azaltzeko kaleratu duen oharrean. Sektoreak “sektorea jasaten ari den atzerapen eta ezeztapen iraunkorra” deitoratu du.
Adde (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea), Artekale (Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea), Besteok, EAB (Euskal Aktoreen Batasuna), Eskena (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea), EZE (Euskal Zirku Elkartea), Kultura Live (Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea), MIE (Musika Industriaren Elkartea), Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea) eta Musikari (Euskal Herriko Musikariak) elkarteek beren egoeraren berri eman dute, martxotik hona beren jarduera % 80 eta % 100 artean gelditu den honetan, musikari, konpositore, enpresa tekniko, kontzertu-areto, dantzari, koreografo, kultur espazioetako kudeatzaile, aktore, eszena zuzendari, dramaturgo, titiritero, kaleko artista eta zirkoko prestatzaileen izenean, besteak beste.
Beharrezko segurtasun protokoloei jarraituta (“guztiz kontzientziatuta gaude osasun publikoa zaintzeak eta zuhur jokatzea duen garrantziaz”) beren jarduera pixkanaka normaltzea aldarrikatzen du gaur argitaratu duten idatziak, baita “zuzeneko ekitaldiak estigmatizatuak ez izatea” ere.
Jarduera berreraikitzeko unea dutela, “oraindik ez dakigu zer neurri zehatz hartu behar diren edukieren, distantzien eta segurtasun-neurrien inguruan”, idatzian zuzeneko arteetako eragileek azaldu dutenez. “Ostalaritza edo hezkuntzan ezarrita daude, zuzeneko arteen sektorean ez, eta horrela ezinezkoa da ekitaldiak suspertzen hastea”.
Kulturgileok kezkatuta agertu dira “udal administrazioa berreraikitze prozesu hau kudeatzen ari den moduarekin”, kultura eta jai jarduera ia sistematikoki eten baita eta “komunikazio-bideak ezartzeko egin ditugun eskaerak ez dute erantzunik jaso”.
EAEko hauteskundeak begi bistan direla, alderdi politiko guztiei proposatu diete herritarrei zuzeneko kultur jardueraren inguruko beraien proposamenak erakusteko.