Itxi

kultura

Koronabirusa

Jaurlaritzak aholkularitza zerbitzua eta bi gida jarri ditu kulturgileen eskura

Agentziak | Erredakzioa

Kultura arloko langileei covid-19aren hedapena murrizteko neurrien inguruan sor dakizkiekeen zalantzak argitzea da zerbitzuaren asmoa.

  • Principal Antzokia, Gasteizen

    Kultur profesionalek zalantzak argitzea da helburua

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri du martxan aste honetan, interesa dutenei covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz abiatutako laguntza lerroei buruzko informazioa helarazteko.

'Kulturklik Pro' plataformaren bitartez bideratzen da zerbitzua, eta bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.

Besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Lanbide enplegu zerbitzuarekin batera bultzatutako dirulaguntzen inguruko informazioa (Kulturako Profesionalentzako Programaren bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira), eta kultur sorkuntza sustatzeko dituen dirulaguntza deialdien berri (12 deialdi eta 50 modalitate inguru) ematen du zerbitzuak.

Galde-erantzun telematikoak

Bingen Zupiria sailburuak esan duenez, "kultur arloko langile eta eragileek zalantzak dituzte laguntzen inguruan. Aholkularitza zerbitzu honen helburua da laguntza pertsonalizatua eskaintzea kulturaren arloko norbanako zein eragileei".

Galderak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek posta elektronikoz edo telefonoz jasoko dute erantzuna 48 ordu baino lehenago.

Gidak

Bi gidetako batek 'Euskadiko kultura-sektorearentzako neurrien eta laguntzen gida Covid-19ren aurrean' du izena, eta kulturaren arloko langileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri batzen ditu: “langile autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; azken asteetan onartutako zerga erraztasunak; finantzaketa ildoak; aldi baterako okupazio erregulazioko espedienteei buruzko informazioa; Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketen luzapena; ura edo elektrizitatea aurrezteko neurriak; edo zorraren luzapenei buruzko informazioa”, Kultura Sailak ohar batean azaldu duenez.

Bigarrenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Kulturako profesionalei laguntzeko programari buruzko ohiko galderak' izeneko gida jarri du eskura. Kasu horretan, helburua da Sailak berak eta Lanbidek abian jarritako programaren xehetasun guztiak azaltzea. Bigarren gida hori Lanbideren laguntzak argitaratzen diren egunean argitaratuko da, Sailetik azaldu dutenez.