Itxi

kultura

Heriotza

Jose Luis Zumeta margolaria hil da

eitb.eus

Informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu zituen 81 urteko margolari gipuzkoarra Donostian hil da.

1:36
Jose Luis Zumeta / EiTB

Jose Luis Zumeta margolari gipuzkoarra hil da 81 urterekin, informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu zituen ibilbide oparo baten ostean.

Usurbilen jaiotako margolaria erabiltzen zituen kolore biziengatik da ezaguna, eta euskal kulturaren une garrantzitsuetan parte hartu zuen, Gaur taldearen eta Ez Dok Amairuren sorreran, besteak beste.

Zumetak oso gaztetatik lortu zuen arrakasta; Madrilen Margolari Gazteen Urrezko Domina irabazi ondoren, hortik aurrera bere ibilbidean goraka egin zuen, eta Parisen, Stockholmen, Londresen… aritu zen.

Sona handiko artistez inguratuta (Oteiza, Txillida, Basterretxea, etab.), errekonozimendu handia lortu zuen Euskal Herrian Picassoren Guernicari egindako omenaldiagatik.

70eko eta 80ko hamarkadetan erakusketak egin zituen hainbat herrialdetako arte galerietan, hala nola, Mexikon, AEBn, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Madrilen eta Bartzelonan, eta Bilboko Arte Ederren museoak erakusketa antologikoa eskaini zion 1989an.

Zumeta, Durangoko Azokarako egin zuen kartelarekin. Argazkia: EiTB

Frankismoaren biktimen omenezko erakusketa ibiltaria etorri zen ondoren, bai eta San Telmo museoan eta Gasteizko ARTIUM Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan bi atzerabegirako ere.

Geroago, XX. mendearen amaieran, Picassoren Guernicaren beste bertsio handi bat egin zuen, eta New Yorken ere egin zuen erakusketaren bat.

Mihiseez gain, margolari gipuzkoarrak Mikel Laboaren diskoen azalak eta bestelako kartelak ere egin zituen.

Hemen duzue Bilboko Lumbreras galerian egin zuen erakusketaren harira ETBn egin zioten elkarrizketa, 80 urte betetzear zituenean.

Gaur gauean, 22:30ean, 'Izenik gabe, 200 x 133' dokumentala eskainiko du ETB1ek, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren sorkuntza lanari buruzko film dokumentala. Enara Goikoetxeak eta Monika Zumeta margolariaren alabak dira filmaren zuzendariak. Ostiralean izango da ikusgai ETB2n, 10:00etatik aurrera.