Itxi

kultura

Koronabirusa

Koronabirusak hainbat kultura espazio hustuko ditu

N.V. | eitb.eus

Agintariek covid-19a ez zabaltze aldera hartutako neurriek hainbat kontzertu, jaialdi eta antzezpen bertan behera utzi edo atzeratzea ekarri dute.

1:32
Izaroren Baionako kontzertua bertan behera geratu da

Ruper Ordorikak Gasteizko Principal antzokian martxoaren 12an eman behar zuen kontzertua, Iruña Rock Nafarroa Arenan martxoaren 19tik 21era egin behar zuten jaialdia, Torche eta Russian Circles estatubatuar taldeek martxoaren 16an Biarritzen eskaintzekoa zuten emanaldia, “Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari” antzerkiaren aurrestreinaldia Urretxun atzo, martxoak 10… adibide batzuk besterik ez dira.

Erakundeek koronabirusa hedatzea ekiditeko hartu dituzten neurriak (batik bat edukiera murriztea) hankaz gora jartzen ari dira kultura programazioa Euskal Herrian eta mundu osoan.

Coachella AEBn apirilean egin behar zuten jaialdia (besteak beste, Rage Against the Machine, Frank Ocean eta Lana del Rey daude kartelean) urrira arte atzeratu dute, eta gurean Nafarroako Gobernuak Iruña Rock jaialdia (martxoak 19-21) atzeratzea agindu du bart. Manel talde katalanak Nafarroako hiriburuan eman behar zuen kontzertua ere bertan behera gelditu da.

Aitzitik, Musika Jaialdien Espainiako Elkarteak, non Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live, BIME Live eta Donostia Festibala ordezkatuta baitaude, esan du “normaltasunez” ari direla lanean, “nork bere jaialdia dagokion bezala aurrera eramaten” eta aurreikusitako jardueren egutegiari eusten diotela.

Gure herrian birusak gogorren jo dituen tokietan (Gasteiz) eta Frantziako Estatuan, agintariek 1.000 pertsonatik gorako bilerak debekatu dituzte, eta ezingo da, hortaz, kopuru horretatik gorako publikoarentzat kontzerturik antolatu. Horregatik, Herri Urratsek bertan behera utzi du martxoaren 27an Laugan, Baionan, Izarok eskaini behar zuen kontzertua.

Atabal Biarritzeko aretoak, esaterako, 700 pertsonako edukiera du, baina hor ere bertan behera utzi behar izan dituzte emanaldi batzuk, tartean Torche eta Russian Circles estatubatuarrek martxoaren 16an eman beharrekoa, taldeek muzin egin baitiote Europako bira egiteari covid-19ak eragindako egoeraren aurrean.

Bizkaian, Izal taldeak martxoaren 14an Bilbao Exhibition Centren eman behar zuen kontzertua ekainaren 6ra aldatu dute, eta Break on Stage jaialdia ekainaren 13an programatu dute.

Edukieraren herena, 1.000 pertsonatik beherako aretoetan

Gasteizen, 1.000 pertsonatik behera har ditzaketen aretoen edukiera heren batera mugatu beharrak (300 pertsona sartzen diren areto batean, 100 sartu ahalko dira gehienez, esaterako) bideraezin bihurtu ditu programatuta zeuden kontzertu asko, Juan Uriarte Helldorado Gasteizko aretoaren arduradunak EiTBri esan dionez.

Horren erakusgarri da Ruper Ordorikak bihar, martxoaren 12an, Principal antzokian eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi izana. Eta Jimmy Jazz aretoan “banan-banan” ari dira aztertzen emanaldiekin zer egin (Obusen kontzertua atzeratu dute...).

Florida zinema aretoek, esaterako, heren batera murriztu dute edukiera bere saioetan, Javier Etxagibel arduradunak azaldu digunez. “Gainera, publikoari egoeraren berri ematen diogu, sarrerak zenbakituta ez badaude ere, aukera dezaten non eseri”, azaldu dio EiTBri. Halaber, sarrerak Internet bidez erostea gomendatu du.

“Gomendioei jarraitu”

Ziurgabetasunaren aurrean, artistak eta kultura kudeatzaileak erakundeen gomendioei begira daude, eta horiek esaten dutenari egokituko diote bere jarduera, Euskadiko Orkestra Sinfonikotik azaldu digutenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.