Itxi

kultura

Elkarrizketa

"Iparragirreren kantuak oso erraz sartzen dira belarrietan eta bihotzetan"

Natxo Velez | eitb.eus

Loraldia Kultur Elkarteak, Tanttakak eta Demode Quartetek “Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari” ikuskizuna prestatu dute, Urretxuko Bardoaren jaiotzaren 200. urteurrenean.

  • Joli Pascualena

    Joli Pascualena, "Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari" lanaren musika zuzendari eta interpretea

Jose Mari Iparragirreren (Urretxu, 1820ko abuztuak 13 – Itsaso, 1881eko apirilak 6) kantu mitikoak, pop, ska, blues, tango eta rumba doinuetan, Angel Unzu gitarristak eta Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain aktore-kantariek interpretatuta: hori eta gehiago eskaintzen du “Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari” martxoaren 11n Bilbon, Loraldia jaialdian, estreinatu eta gaur, martxoaren 10ean Urretxun, musikari eta poetaren jaioterrian, aurrestreinatuko den ikuskizunak.

*********** EGUNERATZEA (2020-03-10. 14:50) Urretxuko Udalak emanaldia atzeratzea erabaki du koronabirusak eragindako egoeraren aurrean ************

Loraldia Kultur Elkarteak, Tanttaka antzerki konpainiak eta Demode Quartet musika taldeak sortu dute ikuskizuna, elkarlanean, eta Iparragirreren bizitzan garrantzia izan zuten emakumeen begietatik erakutsiko digu kontzertu antzeztuak bardoaren soslaia, sortzaileek eurek azaldu digutenez.

Aizpea Goenaga, Arantxa Iturbe eta Iñigo Legorburu idazleek hainbat eskutitz idatzi dituzte Iparragirreren amaren, emaztearen, alabaren, Manuelaren eta beste hainbat emakumeren ahotsa bere eginda, eta hiru aktore-kantarion ahotan jarri dituzte hitzok, Fernando Bernuesek zuzendutako ikuskizunean.

Guk Joli Pascualena aktore, musikari, kantari eta ikuskizunaren zuzendari musikalarekin hitz egin dugu, ikuskizunaz eta Iparragirreren obraz gehiago jakiteko.

Ikuskizunaren musika zuzendaritzaz arduratu zara. Sortze prozesuaren zein puntutan hasi zinen musika zehazten?

Hiru taldeek (Loraldia, Tanttaka eta Demode Produkzioak/Demode Quartet) Iparragirre omenduko genuela erabaki genuenetik hasi ginen musikarekin lanean Iker eta biok. Ni zuzendari musikal gisa nago muntaian, baina moldaketak Iker Huitzi taldekideak eta biok egin ditugu.

Hasieran, Iparragirreren ia kanta guztiak jarri genituen mahai gainean eta jorratzen zuten gaiaren arabera sailkatu genituen: amodioa, herrimina, emakume jakinen bat, emakumeak oro har…

Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain aktore-kantariak

Nola lan egin duzu idazleekin eta zuzendariarekin?

Gutunak zein ziren jakin arte, gure ustez derrigor egon behar zirenak baino ez genituen bideratuta. Behin gutunak erabakita, horiekin bat egiten zuten abestiak aukeratu genituen.

Fernandok gure aurreko lanak ezagutzen ditu, eta, alde horretatik, oso erraza izan da berarekin lan egitea, konfiantza osoa zuelako gugan. Moldaketak gustatu egin zitzaizkion, eta Loraldiakoei ere bai.

Zer ezaugarri bereiziko zenituzke Iparragirreren konposizioetatik?

Oso melodia polita dute Iparragirreren kantuek eta oso erraz sartzen dira belarrietan eta bihotzetan. Harmonia oso propioa ere badu Iparragirrek, eta bi elementu horiek, melodiak eta harmoniak, ezin ziren falta.

Joli Pascualena, lanaren musika zuzendari, aktore eta kantaria

Zer egokitzapen egin dituzue eta nola taularatuko dituzue kantuak?

Melodia eta harmonia falta ezin zirenez, biak ia momentu eta abesti guztietan mantendu ditugu, baina estiloa bai aldatu dugu askotan, gaur egunera ekartzeko, azken finean horixe baitzen gure lanaren helburua, beraren kantak gaur egunera ekartzea.

Baina ez dugu ahalegin handirik egin behar izan, kantuak oso modu naturalean egokitu baitira estilo ezberdinetara: popa, ska, bluesa, tangoa, rumba… Eta fusioak ere badaude: rantxera-ska, reggaetoi-rapa…

Horrela esanda, ematen du Iparragirreren abestiak desegin ditugula, baina esan beharra dago abesti guztien artean, nahiz eta oso estilo ezberdinak izan, koherentzia handia dagoela, Iparragirrek bezalaxe, gitarra eta ahotsarekin bakarrik interpretatzen ditugulako.

Angel Unzu maisuak jarriko du musika zuzenean, taula gainean. Zelan landu duzue bere jarduera? Nola deskribatuko zenuke bere lana?

Gozatua da berarekin lan egitea. Pasatu dizkiogun abesti guztiak errespetu handiz hartu ditu eta, aldi berean, bere estilora eraman ditu. Abesti guztiek irabazi dute pilo bat bere eskuetatik pasatuta. Oso musikari ona da eta, gainera, jatorra. Zer gehiago nahi duzu!

Angel Unzu gitarraren maisua

Kantari eta aktore gisa ere arituko zara lanean. Iparragirreren bizitzako zein emakume gorpuztuko dituzu? Nola banatu dituzue hiru aktoreok egin beharreko pertsonaiak?

Emakumeak banatzeko, ez dugu problemarik izan, lan hori Fernandok egin zuen eta! Niri Sophie gorpuztea tokatu zait. Frantziako troupe batean lan egiten zuten elkarrekin Jose Marik eta Sophiek, eta erlazio horretatik bere lehenengo seme aitortua jaio zen. Iparragirrek Frantziatik alde egin eta gero bidali zizkion hiru gutun eta hogei urte geroago bidalitako beste bat interpretatzen ditut.

Zer ikasi duzu lan honetan Iparragirreri buruz?

Iparragirreren kantu batzuk eta bizizale galantaren aurpegia pixka bat ezagutzen nituen lan honekin hasi baino lehen. Bi horietan sakondu dut, noski, istorio guztiak ezagutzean.

Baina, batez ere, bardoa bere garaiaren testuinguruan jarri behar dugula ikasi dut, eta, gizaki guztiok bezala, alde bat baino gehiago dituela Iparragirrek. Ikuskizun honetan, artistaren zein pertsonaren ertzak ikusteko aukera dugu.