Itxi

kultura

Iruña-Veleia

Kaligrafoek ezin dute baieztatu grafitoen idazkunak Gilek egin izana

Agentziak | Erredakzioa

Iruña-Veleiako epaiketan, hiru adituk esan dute ezin dutela zehaztu grafitoetako idazkunak Eliseo Gilek egin zituela, nahiz eta “kointzidentzia morfologiko oso esanguratsuak” dauden.

1:20
Iruña-Veleiako auzia / EiTB

Hiru aditu kaligrafok deklaratu dute gaur Iruña-Veleiako grafitoen ustezko faltsutzeari buruzko epaiketan, eta esan dute ezin dutela ebatzi grafitoetako idazkunak Eliseo Gil aztarnategiko indusketen zuzendari ohi eta auzipetu nagusiak egin zituela.

Hiru kaligrafook, Ertzaintzaren bi perituk eta Arabako Foru Aldundiarentzat txosten bat egin zuen aditu batek, azaldu dutenez, “kointzidentzia morfologikoak” atzeman zituzten, txosten eta argazkietan oinarrituta, eta Aldundiarentzako lanaren egileak “oso esanguratsu, deigarri eta adierazgarriak” zirela esan du. Hala ere, inork ezin izan du ebatzi idazkunak esku bakarrak egin zituela.

Buztinaren gainean egindako grafito ustez faltsutuen argazkiak eta beroriei buruzko txostenak erabili zituzten adituek, horiek Gilek komun baten egurrezko erreprodukzio baten gainean egindako idazkunekin erkatzeko. Gilek erreplika horretan marrazkiak egin izana aitortu du.

“Ez dago dudarik grafian kointzidentziak daudela, badaude”, esan dute Ertzaintzako bi perituek, baina erantsi dute eurek ezin dutela baieztatu esku berak egin dituela irudiok.

Izan ere, beraien hitzetan, ez dago ondorioak ateratzerik material ezberdinaren gainean egindako idazkunak konparatuz, azterketatik kanpo gelditzen baitira presioa, abiadura, motrizitate zehatza eta grafologoentzat berebizikoak diren beste hainbat ezaugarri.

Bihar, peritu gehiagok emango dute lekukotza, epaiketan.