Itxi

kultura

Iruña-Veleia auzia

Iruña-Veleiako grafitoen historia

EITB.EUS

2006an, Iruña-Veleia aztarnategiko indusketen arduradunek III. mendeko pieza baliotsu batzuk aurkitu zituztela iragarri zuten. Gerora, hainbat adituk faltsuak direla adierazi dute.

1:41
Fiskalaren arabera, aurkitutako 476 piezak manipulatu zituzten.

2006ko ekainaren 8an hasi zen auzi luze eta korapilatsu honen lehendabiziko kapitulua. Lurmen enpresa ari zen Iruña-Veleiako arkeologia aztarnategiko indusketak egiten, eta Eliseo Gil zen enpresako administratzailea. Aipatutako egun horretan, agerraldia egin zuen Gilek hedabideen aurrean, III. mendeko kalbario bat aurkitu zutela jakinarazteko, eta, handik astebetera, euskarazko inoizko inskripzio zaharrenak (III. eta VI. mende artekoak) agertu zirela esan zuen. Aurkikuntzak historikotzat jo zituzten berehala, egiazkoak izatera III. mendera arte aurreratuko zituelako euskararen eta kristautasunaren aurreneko aztarnak

Ordura arteko teoriak astinduko zituzten pieza arkeologiko haien sinesgarritasunak, baina, gutxi iraun zuen. Joaquin Gorrotxategi filologoa, aurkikuntzen berri emateko Gilek alboan izan zuen adituetako bat, euskarazko inskripzioen gaineko zalantzak agertzen hasi zen publikoki.

Berehala, eta aurkikuntzen inguruko errezeloak argitzeko, Arabako Foru Aldundiak 26 adituk osatutako batzorde zientifiko bat jarri zuen abian; hizkuntza, arkeologia, historia eta kimika alorretako adituak zeuden talde horretan, eta, 2008ko azaroan, Gilek eta taldekideek esandakoa faltsua zela esan zuten. Alegia, aurkitutako piezak manipulatu egin zituztela ondorioztatu zuten batzordekideek.

Gilen taldeak Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako 476 piezak manipulatuta zeuden, Fiskalaren arabera

Ondorioen txostena oinarri hartuta, Arabako Aldundiak indusketa-lanetako arduradunen aurkako kereila aurkeztu zuen 2009ko martxoan, eta ordutik ia hamaika urte betetzear daudela, korapiloa askatzen hasteko urratsak abiarazi dituzte epaitegian.

Fiskalaren txostenaren arabera, Gilen taldeak 2005 eta 2006 bitartean Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako 476 piezak manipulatuta zeuden, ez zegokien "balio historiko, kultural eta erlijioso bat emateko helburuarekin". Besteak beste, eta betiere idatzi horren arabera, "arrasto faltsuak" egin zizkieten aurkitutako piezei, eta "atzera-bueltarik ez duen kaltea" eragin zioten aurkikuntzak berez zuen balioari. 

Aurkikuntzak, "benetakoak"

Otsailaren 3an abiatutako epaiketaren atarian, aurkikuntzak benetakoak zirela berrestera atera da berriro Iruña-Veleia Argitu plataforma, eta "epaiketa ez zen sekula egin behar" esan du, eztabaida zientifikoa zigor auzitegira eramatea erabaki okerra dela nabarmenduz.

Plataformako kideen esanetan, grafitoak faltsuak edo egiazkoak ziren argi uzten ez zuen txosten batean oinarritu zen Aldundia kereila jartzerakoan. Horrenbestez, salaketa atzera botatzea eta susmopean dauden piezen azterketa zientifiko zorrotza egitea eskatu dute.

"Eginahalak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke-eta eztabaida. Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere. Egia jakitea exijitzen dugu", esan dute.