Itxi

kultura

Iruña-Veleia auzia

Iruña-Veleiako geologoak aitortu egin du grafito bat faltsutu zuela

EITB.EUS

Oscar Escribano geologoak onartu egin du aztarnategian aurkitutako grafito batean inskripzio bat egin zuela, baina “txantxa” bat izan zela erantsi du. Eliseo Gilek, berriz, errugabea dela berretsi du.

1:43
Iruña-Veleia auziaren epaiketa / EiTB

Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohiak errugabea dela adierazi duen bitartean, harekin batera aritu zen Oscar Escribano geologoak aitortu egin du grafito bat faltsutu zuela. Hori bai, "txantxetan" egin zuela azpimarratu du.

Gaur abiatu da Gasteizko epaitegian Iruña-Veleia auziaren epaiketa. Gertakariak 2005 eta 2006 urteetan jazo ziren. Aztarnategi hartan topatutako ondareek, besteak beste, euskara III. mendean agertu zela erakusten zutela esan zuten eta aurkikuntza historikotzat jo zen.

Fiskalak bost urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du Eliseo Gilentzat, ondare historikoaren aurkako delitua eta iruzurra egotzita. Gilek, baina, errugabea dela berretsi du.

Grafitoak faltsuak direla zientifikoki frogatuta ez dagoela esan du, eta gogora ekarri du aditu askok -tartean EHUko Ikerketa Klasikoen katedradunak aipatu ditu- ez zutela inolako "anormaltasunik" antzeman ondare horietan. Aditu horietako batzuek iritziz aldatu zutela eta, "presio mediatikoaren" ondorioz egin zutela iritzi dio.

Auzi honetan Oscar Escribano geologoa ere bazegoen auzipetuta, Fiskaltzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin –akusazio partikularra- akordioa egin du eta grafito bat faltsutu zuela aitortu du. "Txantxa" gisa, aztarnategian topatutako pieza batean "Veleia" hitza idatzi zuela kontatu du.

Epaiketa aurreko saioan egindako akordioaren ondorioz, 2.232 euroko isuna ezarri diote, baina espetxera joatea saihestuko du. Fiskalak bost urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eskatzen zuen harentzat.

Gauzak horrela, arratsaldean, lekuko gisa deklaratu du Escribanok. Txantxazalea delako egin zuela esan du, eta langile bik topatu zutenean inskripzioa berak egin zuela berehala esan ziela erantsi du.

Horrez gain, aztarnategiko arduradunak, tartean Eliseo Gil, "broma" hargatik asko haserretu zirela azaldu du.  

Gilek zehaztu du gertakari hori 2005ean izan zela eta taldean eragin handia izan zuela deitoratu du. Hasiberriei horrelako txantxak egitea ohikoa izaten dela, baina bera horren kontrakoa dela adierazi du.  

Areago, Escribano kanporatzearen aldekoa zela, baina azkenean dena ohartarazpen  batekin amaitu zuela esan du. Nolanahi ere, gertakari hark "konfiantza galera" eragin zuela onartu du.

Lehendabiziko saio honetan Ruben Cerdan auzipetuak ere hartu du hitza. Fiskaltzaren arabera, faltsututako grafitoei sinesgarritasuna emateko txosten zientifiko bat egiteko eskatu zion Gilek, fisiko nuklearra ez den arren. Fiskalak bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat.

Cerdanek ziurtatu du Tel Aviveko Unibertsitatean gauzatu zituela fisika nuklearreko ikasketak, bere titulua homologatuta ez badago ere. Bere lana grafitoak faltsuak ez zirela egiaztatzea zela azpimarratu du, eta ez noizkoak ziren zehaztea, "hori arkeologoen eginkizuna baita".

Bere aurkako akusazioa "mendekuan" oinarritzen dela esan du, ingurumen auzi batean udaletxe baten aurkako espedienteari hasiera eman ziolako.  

Cerdanen kontratazioaren harira, Gilek adierazi du Arabako Foru Aldundiaren bidez jarri zela harekin harremanetan eta azpimarratu du erakunde horrek inoiz ez zuela zalantzan jarri haren gaitasuna, ezta harka egindako txostenen sinesgarritasuna.  

Epaiketaren bigarren saioan ostegun honetan egingo dute.

BIDEOA | Eliseo Gil: "Nire errugabetasuna defendatzera nator"

III. eta VI. mende arteko 476 piezaren falsifikazioa

Gaur abiatutako epaiketan, III. eta VI. mende arteko 476 piezaren ustezko faltsifikazioa epaitzen ari dira. Erromatarren ondoko Iruña-Veleiako aztarnategian lurpetik atera zituzten. Ustezko aldaketa hori, Fiskaltzaren ustez, geroago piezetan egindako idazkun faltsuen bidez egin zen, euskararen jatorriari edo presentziari buruzko "salbuespenezko aurkikuntza" gisa aurkezteko.

2006ko ekainaren 8an hasi zen auzi luze eta korapilatsu honen lehendabiziko kapitulua. Lurmen enpresa ari zen Iruña-Veleiako arkeologia aztarnategiko indusketak egiten, eta Eliseo Gil zen enpresako administratzailea. Aipatutako egun horretan, agerraldia egin zuen Gilek hedabideen aurrean, III. mendeko kalbario bat aurkitu zutela jakinarazteko, eta, handik astebetera, euskarazko inoizko inskripzio zaharrenak (III. eta VI. mende artekoak) agertu zirela esan zuen.  Aurkikuntzak historikotzat jo zituzten berehala, egiazkoak izatera III. mendera arte aurreratuko zituelako euskararen eta kristautasunaren aurreneko aztarnak

Ordura arteko teoriak astinduko zituzten pieza arkeologiko haien sinesgarritasunak, baina, gutxi iraun zuen. Joaquin Gorrotxategi filologoa, aurkikuntzen berri emateko Gilek alboan izan zuen adituetako bat, euskarazko inskripzioen gaineko zalantzak agertzen hasi zen publikoki.

Berehala, eta aurkikuntzen inguruko errezeloak argitzeko, Arabako Foru Aldundiak 26 adituk osatutako batzorde zientifiko bat jarri zuen abian; hizkuntza, arkeologia, historia eta kimika alorretako adituak zeuden talde horretan, eta, 2008ko azaroan, Gilek eta taldekideek esandakoa faltsua zela esan zuten. Alegia, aurkitutako piezak manipulatu egin zituztela ondorioztatu zuten batzordekideek.

Ondorioen txostena oinarri hartuta, Arabako Aldundiak indusketa-lanetako arduradunen aurkako kereila aurkeztu zuen 2009ko martxoan, eta ordutik ia hamaika urte betetzear daudela, korapiloa askatzen hasteko urratsak abiaraziko dituzte epaitegian.

Fiskalaren  txostenaren arabera, Gilen taldeak 2005 eta 2006 bitartean Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako 476 piezak manipulatuta zeuden, ez zegokien "balio historiko, kultural eta erlijioso bat emateko helburuarekin". Besteak beste, eta betiere idatzi horren arabera, "arrasto faltsuak" egin zizkieten aurkitutako piezei, eta "atzera-bueltarik ez duen kaltea" eragin zioten aurkikuntzak berez zuen balioari. 

Aurkikuntzak, "benetakoak"

Epaiketaren atarian,  aurkikuntzak benetakoak zirela berrestera atera da berriro asteon, Iruña-Veleia Argitu plataforma, eta "epaiketa ez zen sekula egin behar" esan du, eztabaida zientifikoa zigor auzitegira eramatea erabaki okerra dela nabarmenduz.

Plataformako kideen esanetan, grafitoak faltsuak edo egiazkoak ziren argi uzten ez zuen txosten batean oinarritu zen Aldundia kereila jartzerakoan. Horrenbestez, salaketa atzera botatzea eta susmopean dauden piezen azterketa zientifiko zorrotza egitea eskatu dute.

"Eginahalak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke-eta eztabaida. Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere. Egia jakitea exijitzen dugu", esan dute.