Itxi

kultura

'Saga' operazioa

Aske utzi dute SGAEko Teddy Bautista, fidantzarik gabe baina karguekin

Erredakzioa

Loras eta Azcoagarekin batera, "bidegabe jabetzea" egotzi diote eta "iruzurraren zenbatekoa kontuan hartuta", delituak "garrantzi berezia" dauka. Sei urteko kartzela-zigorra izan dezakete.

  • Bautista eta Azcoaga, Auzitegi Nazionaletik ateratzen. Argazkia: Efe.

Teddy Bautista SGAEko presidentea, Enrique Loras zuzendari nagusia eta Ricardo Azcoaga finantza zuzendaria aske utzi ditu epaileak, "karguekin eta fidantzarik gabe". Arratsaldean deklaratu duten beste bi atxilotuen kasuan ere, Ruz epaileak erabaki bera hartu du. Gainontzeko lauek bihar deklaratuko dute.

Pablo Ruz epaileak, SGAEko presidenteak eta bi zuzendariak "bidegabe jabetzea" egotzi die. Gainera, eta "iruzurraren zenbatekoa kontuan hartuta", delituak "garrantzi berezia" duela esan du epaileak. Ondorioz, sei urte arteko kartzela-zigorra izan dezakete.

Era berean, hirurei "iruzurrezko kudeaketa" leporatu diete. Legearen arabera, delitu horregatik lau urte arteko zigorra jaso dezakete.

Bautistaren kasuan, gainera, epaileak "delitu sozietarioa" egotzi dio "kideei elkartzeko eta parte-hartzeko eskubideak ukatzeagatik", epaileak autoan adierazi bezala. Horren ondorioz, 12 hilabeteko isuna izan dezake Bautistak.

SGAEko hiru direktiboak Auzitegi Nazionaletik atera eta kristalak tindatuta zituen auto batean sartu dira kazetariei inolako adierazpenik egin gabe.


Espainiatik ateratzea, debekatuta

Behin-behineko eta fidantzarik gabeko askatasuna hiru auzipetuek "Espainiarekin lotura sendoak" dituztela ikusita hartu du Ruzek, ondorioz, ez omen dago Justiziatik ihes egiteko arriskurik.

Hala ere, Espainiatik ateratzea debekatu egin die epaileak eta pasaporteak ere kendu dizkie.


"Errugabetasun presuntzioa aintzat hartu behar da"

Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroak "begirunea" eskatu du SGAEren gaineko Auzitegi Nazionalaren ikerkuntzaren gainean. Gonzalez-Sindek azpimarratu duenez, "gertatutakoa argitu dezaten, funtsezkoa da ikerkuntzak aurrera egitea". Hori dela eta, "epaileek hartutako erabakiei erabateko begirunea" diela baieztatu du.

Halaber, ministroak gaineratu duenez, Kultura Ministerioak "erakunde honen sortzaileen interesen alde egingo du, horren kudeatzaileak nortzuk diren alde batera utzita". Hala ere, "errugabetasun presuntzioa aintzat hartu behar" dela nabarmendu du.

Bestalde, Guardia Zibila egiten ari den operazioa baloratzea saihestu du Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak eta agenteek epailearen aginduak betetzen dituztela gogorarazi du.


Bederatzi atxilotu

Guardia Zibilak SGAEren egoitza miatu du ostirala honetan, 14 orduz, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hala aginduta. Ondorioz, bederatzi lagun atxilotu ditu tartean, Teddy Bautista SGAEren presidentearekin batera, Ricardo Azcoagazuzendari finantzarioa eta Jose Neri sDae filial digitaleko zuzendarinagusia, bidegabeko jabetze delitu bat egin dutelakoan.

Atxilotuak Auzitegi Nazionaleko 5. epaitegiko epailearen esku utzi dituzte. Pablo Ruz epaitegi horren buruak SGAEren hainbat kontu blokeatzeko eta bahitzeko agindua ere eman du, iturri judizialek jakitera eman dutenez.