kultura
Europako Kultura Hiriburua
Epaimahaiari 'analisi berria' eskatzeko exijitu dio Bellochek Sinderi
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak uste du "gehiegizkoa" dela erabakia auzitegietara eramatea. Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroak esan du Europako Batzordea dela hori aztertu behar duena.
Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu zuen epaimahaiari "analisi berria" egitea eskatzeko exijitu dio Juan Alberto Belloch Zaragozako alkateak Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroari atzo bidalitako gutun baten bidez. Belloch-en ustez "proiektuen kalitatean" oinarritu beharko litzateke analisi berri hori, eta ez "argudio politikoetan".
Epaimahaiaren erabakiaren aurrean bere "kezka larria" azaldu du Belloch-ek Sinderi igorritako testuan. "Norberak eskuratu nahi duen sari bat lortzearen edo ez lortzearen gainetik dagoen eztabaida da", azaldu du.
Bere ustez, egungo "baldintza politikoak" zeintzuk diren ikusita, "gainerako hirientzat erabaki iraingarria" da epaimahaiak hartutakoa. Horrez gain, epaimahaiko kideek Donostiako "ezaugarri politiko" berriak ezagutzen zituztela gaineratu du Belloch-ek.
Donostiako hautagaitza defendatu eta garatu duen lan-taldeari bere "errespetua" adierazi dio Belloch-ek.
Burgos
Bestalde, Javier Lacalle (PP) Burgoseko alkateak gutun bat bidaliko dio Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroari ostiral honetan. Donostia aukeratzeko arrazoien inguruan "azalpenak" eskatuko dizkio ministroari gutunean.
"Bozketa egiteko era eta arrazoiak argitzea" eskatuko dute gutunean, Angel Ibañez Burgoseko Udaleko bozeramaileak azaldu duenez. Izan ere, bozketa horretako xehetasunak "zurrumurruen bidez" ezagutu dituzte soilik.
PSEren jarrera
Goizean, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak gogoeta egiteko eta Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendatzearen kontra inpugnaziorik ez aurkezteko eskatu dio Juan Antonio Belloch Zaragozako alkateari.
Epai-mahaiaren akordioaren kontrako adierazpenak entzun ziren atzo buruzagi politikoen aldetik eta hautagai ziren hirietako ordezkarien aldetik.
Pastorren arabera, Zaragozako alkatearen jarrerak "ez du laguntzen Espainiaren izen ona Europan zabaltzeko", eta "polemika artifizial bat" sortzen du eta horrek ez dio mesede egiten "ez Zaragozaren ez Donostiaren irudiari".
Bellochen adierazpenak "desegokiak" direla esan du eta Donostiaren proiektua, berriz, "bikaina" dela.
Eusko Jaurlaritza
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearentzat "gehiegizkoa" izango litzateke Donostia 2016ko Kultura Hiriburu izendatzearen erabakia auzitegietara eramatea.
"Eusko Jaurlaritzatik uste dugu gehiegikeria bat izango litzatekeela, Bellochen gehiegikeria bat izango dela espero dut, eta azkenean ez dela gauzatuko eta ez dela epaitegietara iritsiko, izan ere, lehenengo kaltetuak Zaragozako herritarrak izango dira, frustrazioa eragingo baitu", adierazi du Mendiak.
Europako Batzordeak
Espainiako Gobernutik, Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroak argitu du azkenean inpugnatzen badute Europako Batzordea izan beharko dela "aztertuko" duena.