kultura
Saria
Xabier Amurizak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria
eitb.eus
“Bertsolaritza modernoaren erreferente argia da, berritu eta alor askotan aurrendaria izan da”, epaimahaiak azpimarratu duenez.
-
Bertsotan, eleberrigintzan eta musikan jardun da Amuriza
Xabier Amurizak (Zornotza, 1941) jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona saria, “ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin baitu”, epaimahairen hitzetan.
Gainera, bertsolaritzan ez ezik, literaturan eta musikan utzitako obra ugaria ere hartu dute aintzat saria emateko.
Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen Manuel Lekuona saria, euskal komunitate globalarentzat ekarpen garrantzitsua egin duten pertsonei aitorpena egiteko, eta harrezkero Bernardo Estornés Lasak, Iratzederrek, Jorge Oteizak, Jose María Jimeno Juriok, Micaela Portillak, Piarres Charritonek, Jean Haritschelharrek, Menchu Galek, Montxo Armendarizek, Joan Mari Torrealdaik eta Mari Jose Azurmendik irabazi dute, besteak beste.
Amuriza Etxanon (Zornotza) jaio zen, 1941eko maiatzaren 3an, eta bertsolaria, idazlea, itzultzailea eta ikerlaria da. 1965ean, Zornotzako karmeldarretan eta Derion ikasketak egin ondoren, abade ordenatu zen.
Errepresioaren aurka eta euskal kulturaren berpizkundearen aldeko Gogor izeneko abadeen mugimenduan parte hartu zuen frankismoaren garaian, eta atxiloketak eta espetxeratzeak pairatu zituen.
Bertsolaritzari eta euskal kulturari ekarpen izugarria egin dio, eta oso modu agerian nabaritzen da gaur egun bere aztarna.