kultura
Uztailak 7
Emakumeak lehenengoz Lesakako Zubigainekoan
Uztailaren 7an, San Fermin egunez, hiru emakumek parte hartuko dute, historian lehenengoz, Lesakako festetako ekitaldi nagusian.
Hiruzpalau urte daramatzate entseatzen, eta, azkenean, hiru emakumek Zubigainekoan parte hartuko dute uztailaren 7an, larunbatarekin, Lesakan, historian lehenengo aldiz.
Festetako egun handian, mezaren ondoren, ezpata-dantzariek Zubigainekoa dantzatzen dute, Onin errekaren ertzean, petrilaren gainean, Legarrea eta Pikuzelaia auzoek XV. mendean sinatutako bake ituna berresteko.
Hiru dantzariek, esan bezala, urteak daramatzate entseguetan parte hartzen, eta, hain zuzen, entseguetan beteranoen artean daudelako eta ezpata-dantzarien taldean aurten hutsuneak izan direlako etorri zaie aukera.
Ondoko herrian, Beran, duela bost urte hasi ziren emakumeak bertako dantza tradizionalean, Bordondantzan, parte hartzen.