kultura
Babes handia
Eusko Legebiltzarrak Kultura Ondarearen Legea onartu du
Agentziak | Erredakzioa
Lege berriak kultura ondasun immaterialak ere hartuko ditu bere gain, hala nola ahozko tradizioak, bertsolaritza, musika, dantza eta eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.
Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu du gaur, ostegunarekin, babes handi batekin. Arau berri honek, ondasunen kudeaketa, azterketa eta kontserbazioa hobetu ez ezik, kultura adierazpen tradizionalak eta ondasun industrialaren hainbat elementu babestea ere du helburu.
Kultura ondarearen gaineko aurreko araudia, 1990ekoa, ordeztuko duen legearen proposamena 2017ko uztailean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta ostegunean, maiatzak 9, onartu du ganberak azkenean, Legebiltzarrean bi urteko bidea egin eta gero.
Legea talde parlamentario guztiek babestu dute, PPk izan ezik, zeinek 35 zuzenketa aurkeztu baititu, denak ere baztertuta gelditu direnak, nahiz eta beste artikulu batzuen aldeko botoa eman duen.
Adierazpen immaterialak
Testuak “gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak” jasotzen ditu euskal kultura ondarearen barruan, immaterialak ere bai, eta bere ardurapean hartzen ditu, hortaz, ahozko tradizioa, erritualak, eskulangintza teknikak, bertsolaritza, musika, dantza, gastronomia eta kirola, besteak beste.
Gainera, ondare industrialaren balioa aintzat hartzen duen atal bat jasoko du legeak, XX. mendeko industria iraultzaren kariaz sortutako lanbideak, tokiak, ofizioak eta eraikinak babesteko.
Arauak, halaber, historian ezkutatuta egon diren gizarte taldeen baliabide eta jakintzak hartzen ditu hizpide, hala nola emakumeenak. Legeak ondasunaren ikuspegi bateratzailea jasotzen du, “emakumezkoen iruditeria ere balio kulturaltzat hartuta”.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak eta foru erkidegoek lan publikoetarako inbertsioaren % 1 bideratu beharko dute gutxienez kultura ondarea babestu eta balioztatzeko, eta kultura ondarearen arloan Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Elkargoarekin elkarlana eta akordioak sustatzeko aukera jaso dute idatzian.
“Eredu eraginkorragoa”
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazi duenez, Lege berriarekin “babes-eredu eraginkorragoa sustatuko da, eta aurrera egingo da kultura-ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean”. Horregatik, talde parlamentarioen babesa eta ekarpena eskertu ditu.