Itxi

kultura

Interneteko deskargen aurka

Senatuak onartu egin du Sinde Legea

Erredakzioa

Datorren asteartean egingo dute behin betiko bozketa, Kongresuan. Litekeena da udan hastea edukiak Internet bidez legez kanpo jaistearen aurkako legea ezartzen.

Ekonomia eta Ogasun Komisioak Ekonomia Iraunkorraren Legearen proiektuaren inguruan egindako txostena onartu du Senatuak asteazken honetan. Interneteko edukien legez kanpoko deskargak arautu behar dituen Sinde Lege polemikoa ere onartu da bertan, xedapen gehigarri gisa.

Aldeko 244 botorekin onartu da Sinde Legea. Kontra, 12 boto izan ditu: ERC, EAJ, ICV, Coalición Canaria, BGN, Mallorcako Alderdi Sozialista (PSM) eta Francisco Javier Tuñón independentea.

Horrela, joan den urtarrilaren 24an PSOEk, PPk eta CiUk lortutako akordioa gauzatu dute alderdi politikoek. Legea berme judizial handiagoarekin
aurrera ateratzeko hitzarmena sinatu zuten.

Gaur onartu duten testu hau Kongresura eramango dute datorren asteartean, bertan azken bozketa egin eta behin betiko onartzeko. Horrela baldin bada, udan hasiko dira Sinde Legea ezartzen.

Joan den urtarrilaren 24an, PSOE, PP eta CiU alderdien arteko akordio iragarri zutenean, Interneteko erabiltzaileak Sinde Legearen kontra agertu ziren berriz ere. Legez kanpoko deskargen arazoa konpontzeko bidea ez dela uste dute, eta Konstituzioaren aurkakoa ere izan daitekeela jarri
zuten mahai gainean.