Itxi

kultura

Erakusketa

Euskal komikiaren historiaren zati bat, Gasteizen ikusgai

eitb.eus

‘Komikia, 1975-2017. El cómic vasco’ erakusketak 35 azalpen panel eta jatorrizko hainbat lan jarriko ditu ikusgai Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan, urriaren 3ra arte.

  • Komikia

    Komikia

‘Komikia, 1975-2017. El cómic vasco’ Sancho el Sabio Fundazioak antolatu duen erakusketak komikiaren historian gidatu nahi ditu bisitariak, 1975etik gaur egunera arte. Urriaren 3ra arte ikusi ahal izango da, Betoñoko Atearen 23ko egoitzan.

Erakusketak euskal komikiaren historiaren azken zatiaren mugarri nagusiak azaltzen ditu kronologikoki, 35 panelen bidez, eta jatorrizko hainbat argitalpen ere paratu dituzte bertan.

Euskal komikiak hiru zutabe nagusi ditu, erakusketaren antolatzaileen esanetan: TMEO, aldizkari satirikoa, 30 urte daramana politikoki ez zuzenena den umoreari eskainirik; Astiberri argitaletxea, erreferente dena nazio eta nazioarte mailan; eta Xabiroi aldizkaria, gure kulturako hainbat alorretako talentuak batzen dituena.

Erakusketak bide-urratzaile zenbaiten lanen gaineko begirada eskaintzen die ikusleei, besteak beste, Antton Olariaga, Juan Carlos Eguillor eta Gentz del Vallerena. Halaber, beste egile batzuen lanari ere begiratzen zaio, hala nola Mauro Entrialgo, Harriet, Raquel Alzate, Rober Garay, Mai Egurza, Amaya Arrazola, Maite Gurrutxaga…

‘Komikia, 1975-2017. El cómic vasco’ erakusketa urriaren 3ra bitartean ikusi ahal izango da, astelehenetik ostegunera 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara.